Irutxuloko Hitza

Irakurleen azal gustukoena, baserrien Donostiarena

‘Gutxi geratzen dira zutik’ titulua zeraman azalak jaso ditu boto gehien. Parte hartzaileen %20ak aukeratu du azal hori, horrek erakusten digu bozkak nahiko banatuta egon direla.

baserri-azala-azal-lehiaketa-irutxuloko-hitza.

15. urteurrena aitzakiatzat hartuta, IRUTXULOKO HITZAk  atzera begiratu du, eta aldizkariaren formatua berritu zenetik egindako azalei erreparatu die. Horrela, azken hiru urteetako hogei azal hautatu ditu lantaldeak, eta irakurleei gustukoena bozkatzeko aukera eman die. Ez da lan erraza izan aukeraketa egitea, izan ere, aldizkariaren eredua aldatu zenetik, lan gogorra egin du lantaldeak azalak erakargarriak eta esanguratsuak izan daitezen. Aurten, gainera, paper mota ere aldatu egin da, eta horrek azalarekiko arreta areagotu du.

Dagoeneko badugu sariduna, irakurleen artean azal bozkatuena 2018ko abenduaren 14an argitaratu zen, baserrien Donostiari buruzko erreportajea irudikatu zuena. Gutxi geratzen dira zutik izenburupean, Estitxu Zabala kazetariak etxe multzoen artean edo hirigunetik bananduago dauden guneetan bizirik dirauten baserriei buruz idatzi zuen. Etxetxo baserria agertzen da azaleko argazkian, Egian zutik dirauen baserri gutxietako bat da. Joseba Parron argazkilaria da egilea. Edozein unetan irakurtzeko moduko gaia da, eta horretarako aukerarik ez bazenuen izan, hona hemen albistea.

Bakarra aukeratzea ez da lan erraza izan

IRUTXULOKO HITZAk antolatu duen bozketan parte hartu duten irakurleen artean %20ak aukeratu dute baserrien azala. Baina oso gertutik jarraitu dio bigarren postuan geratu den aukerak, soilik bi botoren arteko diferentzia egon baita. Maiatzaren 1ean argitaratu zen azala izan da hori, eta esan beharra dago, azal horrek arrakasta handia izan zuela: sare sozialetan oihartzuna izateaz gain, mezu bat baino gehiago jaso zen erredakzioan egindako lana txalotzeko. Twitterren Portugaleko Público aldizkariko azalarekin alderatu zuten: bertan eskularrua zuen esku bakarra agertzen zen, IRUTXULOKO HITZAko azalean, ordea, 16 esku, hainbat sektoretako langileak ordezkatu nahi baitziren. Horixe izan zen sare sozialetan ere nabarmendu zena. Azkenik, bozkatuenen artean hirugarrena Mikel Laboaren aurpegia erakusten duena da, hain zuzen ere, haren omenez Antiguako plazak izen hori hartu zuenekoa; 2018ko azaroan argitaratu zen, -irakurleen artean %11k aukeratu dute-.

Aipatutako lehen hiru postuen ostean, Koronabirusak Donostiako hirian edukitako eragina azaltzen duen azala dago– hiria hutsik ageri da bertan, Dena aldatu(ko) duen birusa tituluarekin batera. Bosgarren lekuan, berriz, Kontxita Beitia andereñoari egindako elkarrizketaren azala dago, <<Gazteak euskararen garrantziaz konturatzean, euskaraz hitz egingo dute>> azpitituluarekin. Bi postu hauen arteko lehia ere oso berdindua egon da, hiru bozken arteko diferentzia besterik ez baita egon. Halaber, lehenengo bi azalak nabarmen gailendu diren arren, gainerako guztien artean bozkak nahiko banatuta egon dira, beraz, horrek erakusten du bakarra aukeratzea ez dela lan erraza izan, eta irakurleen gustuak anitzak direla.

Azala egiteko prozesua

Amaitzeko, esan beharra dago, azal bakoitzaren atzean denbora eskatzen duen lana dagoela. Hasteko, gai nagusia egingo duen kazetariaren eta erredakzioko zuzendariaren, Nerea Lizarralderen, arteko elkarlana dago; ideia orokor batetik abiatzen dira, eta gaiaren arabera, azalean irudikatuko dena argazki edo diseinu bidez egingo den erabakitzen dute. Argazkiaren hautua eginez gero, Joseba Parron argazkilariarekin hitz egiten dute, eta hark eskatutakoaren araberako irudiak jasotzen ditu. Behin argazkiak edukita, gai nagusia jorratzen ari den kazetariaren, Gotzon Beloki diseinatzailearen, eta Nerea Lizarralderen artean erabakitzen da azalean zein egokitu den hoberen, ezarri nahi den tituluarekin batera.  Gai nagusiak azalean diseinu bat eskatzen badu, ordea, kazetaria eta Lizarralde zuzenean Belokirekin biltzen dira, eta hiruen artean diseinu bat garatzen dute. Azkenik, egindako lana lantaldearekin kontrastatzen da, eta  hori egin ondoren amaitzen da prozesua.

Bost irabazle zozketan

Botoa eman dutenen artean, IRUTXULOKO HITZAk urtebeterako harpidetza, Aldanondo jatetxean bi pertsonentzako bazkari bat, Zurriola Surf Eskolako bi pertsonentzako ikastaro bat, Iztueta saski bat eta Dolores Redondoren ‘Bihotzaren iparraldea’ liburua zozkatu ditu.

Hona hemen azalen behin betiko sailkapena:

2018-12-14. Gutxi geratzen dira zutik
1
2018-12-14 Gutxi geratzen dira zutik
% 22,09
2020-05-01. Koronabirusak badu klasea
2
2020-05-01 Koronabirusak badu klasea
% 20,93
2018-11-30. Mikel Laboaren ondare bizia
3
2018-11-30 Mikel Laboaren ondare bizia
% 11,05
2020-03-27. Dena aldatu(ko) duen birusa
4
2020-03-27 Dena aldatu(ko) duen birusa
% 6,98
2018-12-21. Kontxita Beitia andereñoa
5
2018-12-21 Kontxita Beitia andereñoa
% 5,23
2020-03-13. Mehatxua gainean dute
6
2020-03-13 Mehatxua gainean dute
% 4,65
2020-01-24. Mozala Donostiako protesta sozialari
7
2020-01-24 Mozala Donostiako protesta sozialari
% 4,07
2020-04-03. Mario Salegi, borrokalari nekaezina
8
2020-04-03 Mario Salegi, borrokalari nekaezina
% 4,07
2019-10-04. Memoriaren zuloak
9
2019-10-04 Memoriaren zuloak
% 2,91
2019-06-14. Donostia: gizonen hiria?
10
2019-06-14 Donostia: gizonen hiria?
% 2,91
2020-03-06. Etorkizuna irabazteko, besoz beso borrokan
11
2020-03-06 Etorkizuna irabazteko, besoz beso borrokan
% 2,33
2020-04-24. Maskararen atzetik hartutako irudiak
12
2020-04-24 Maskararen atzetik hartutako irudiak
% 2,33
2018-10-12. Zubietarrek badute zeresana
13
2018-10-12 Zubietarrek badute zeresana
% 2,33
2019-06-21. Leku arrotzean, ahalduntzea helburu
14
2019-06-21 Leku arrotzean, ahalduntzea helburu
% 2,33
2019-01-11. Talka baten atarian
15
2019-01-11 Talka baten atarian
% 1,74
2019-12-06. Ostalaritza ereduaren turistifikazioa
16
2019-12-06 Ostalaritza ereduaren turistifikazioa
% 1,74
2018-11-02. Lekua hartu dute kalean
17
2018-11-02 Lekua hartu dute kalean
% 1,16
2019-12-13. Jokoaren arauak aldatu dituzte
18
2019-12-13 Jokoaren arauak aldatu dituzte
% 0,58
2019-05-24. Zarata ahotsak eta kaltetuen ahotsa
19
2019-05-24 Zarata ahotsak eta kaltetuen ahotsa
% 0,58
2020-03-20. Maskara, eskularruak, eta zaintza kolektiboa
20
2020-03-20 Maskara, eskularruak, eta zaintza kolektiboa
% 0,00