Irutxuloko Hitza

IRUTXULOKO HITZAk babesa adierazi nahi dio 'Aiaraldea Komunikabidea'-ri

Berriki, Amurrioko Udalak 'Aiaraldea' komunikabideari diru laguntza kendu ziola jakinarazi zuen hedabideak, bere eguneroko jarduna eta biziraupena kolokan jarriz.

aiaraldea

Tokiko hedabidea den Aiaraldea Komunikabidea-k 2010tik Arabako eskualdean euskararen normalizazio eta sustapenean darama lanean. Urte hauetan guztietan, elkarlanerako irekiak egon dira tokiko eragile, herri mugimendu eta bestelakoekin. Egunero egundoko lana eginez, euskaraz informatua izateko eskubidea bermatu die bertako herritarrei urteotan.

Hala ere, Amurrioko Udalak hedabidea sustengatzeko diru laguntza atzera bota eta egoera larrian jarri du eragilea, euskaraz lanean dihardugun komunikabideok sufritzen dugun odisearen beste kapitulu bat idatziz. Gure hizkuntzaren normalizazioa badugu xede, guztion ekarpena berebizikoa da une oro, baita instituzioetatik jasotzen dugun babesa ere.

Horregatik guztiagatik, Aiaraldea Komunikabidea-ren eskaerak gure eginez, honakoa eskatzen dugu IRUTXULOKO HITZAtik:

  1. Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.

  2. Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidea-rekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.

  3. Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabidea-ri azken hamabi urtez eman dion diru laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.

Bukatzeko, atxikimendu kanpaina abiarazi dute. Bertan informazio gehiago eta babesa adierazteko aukera duzue.