Gradu progresio eskaera| Gurutz Agirresaroberen gutuna
Moron, 2019ko martxoaren 8a Aupa zuek! Hementxe jarri naiz martxoak 8 honetan Añorga aldera, eguna berezia izanik ezin nintzen gelditu emakume denei, batez ere sorgin borrokalariei agur berezi bat eman gabe. Azken denbora honetan borroka eredugarria ari zarete aurrera eramaten zentzu askotan eta denona izan beharko lukeen borrokara batzen naizela esan nahi dizuet. Eskerrak eman […]
Moron, 2019ko martxoaren 8a
Aupa zuek!
Hementxe jarri naiz martxoak 8 honetan Añorga aldera, eguna berezia izanik ezin nintzen gelditu emakume denei, batez ere sorgin borrokalariei agur berezi bat eman gabe. Azken denbora honetan borroka eredugarria ari zarete aurrera eramaten zentzu askotan eta denona izan beharko lukeen borrokara batzen naizela esan nahi dizuet.
Eskerrak eman nahi dizkiet azken aldian nirekin harremanetan jartzera animatu direnei, ezagun eta ezezagun direnei.Bihotzez eskertzen dizuet eskutitz bat idaztera animatu zareten guztiei, ilusio eta bizipoza izan dira zuen eskutitzak, benetan.
Azken eskutitzean Euska Herriratze eskaeraren nondik norakoak azaltzen saiatu nintzen, ez dakit oso ondo esplikatu ote nuen. Gaurkoan, berriz, gradu progresio eskaeran murgilduko naiz, ez da erraza izaten kontu hauek azaltzea. Hitz gutxitan eta modu sinplean azaltzen saiatuko naiz, nire egoeraren eta nire erabakien ideia orokor bat izan dezazuen.
Atxilotu nindutenetik lehen gradua aplikatu didate, honek suposatzen dituen murrizketa guztiak muturreraino aplikatuz: isolamendu moduluan naukate, F.I.E.S fitxategian… honek ere bizi baldintzetan eta kanpokoekiko ditudan harremanetan izugarrizko limitazioak izatea suposatzen du ( patio ordu murrizketak, inongo aktibitaterik ez izatea, telefono deiak interbenituak, astean 2 eskutitz soilik bidaltzeko aukera…)
Berez lehen gradua kartzelan bertan elkarbizitza arazoak dituztenei aplikatzeko sortua badago ere, euskal preso politiko ia denei aplikatzen zaigu kartzelara sartzen gaituzten lehen egunetik, kartzelan bertan inolako arazorik izan ez arren.
Talde terrorista bateko kide izatearen argudioa erabiltzen dute beraien legedian argudio hori azaldu ez arren.
EPPK-k hartutako erabakien bidea jarraituz graduari helegitea jartzen hasi naiz 3 hilabetero egiten diguten errebisio moduko bakoitzean, 2.gradua lortze bidean.
Lehen eskaera hori kolektiboki egiten genuen errebindikazio moduan, orain berriz indibidualki egiten hasi gara beraiek ezarritako bide administratibo eta judizialetatik.
Eskaera indibidual hauen aurrean kartzelaren zuzendaritzaren partetik ez da inongo aldaketarik eman eta lehen graduan mantentzen naute lehen erabiltzen zituzten argudio berberak erabiliz: “por la no desvinculación de banda armada y por gravedad de los hechos delictivos”, jakina denean gaur egun ETA erakundeak bere burua desegintzat eman duela.
Erantzun honi helegiteak jartzeko aukera dugu eta hauek ere eginak dauzkat Audientzia Nazionaleko espetxe zaintzako epaitegira. Kasu guztietan argudio berdinak edo antzekoak erabiliz kartzelari arrazoia ematen diote.
Prozesu hau 3 hilabetero errepikatzen nabil, errebisiotik pasatzen naizen bakoitzean.
Azkenean bai Euskal Herriratzea bai 2.gradurako progresioa eskatzean kartzelak ezarritako bide indibidualak jarraitu izan ditut eta erantzuna berdina izaten jarraitzen du, dispertsioaren aplikazioa eta lehen gradua, erabakia politikoa dela argi geratuz (bertako langileak, psikologo,laguntzaile sozial eta hezitzaileek behin baino gehiagotan adierazi didaten bezala, eskuak lotuak dituzte).
Hitz gutxitan horixe da nire kasuan eta euskal preso politikoek orokorrean jasotzen dugun erantzuna ahotan hainbeste erabiltzen duten bide indibiduala jorratzean. Ikusiarazi nahi dizuet guk geure partetik bide desberdinak jorratzen jarraitzen dugula eta ez gaudela geldirik, nahiz eta jasotzen dugun erantzuna orokorrean betikoa izan, beste garaia batzuetako kopia-pega bat.
Espero det ideia orokor bat egiteko balio izana gaur idatzitakoak, ñabardura pila daude esplikatu gabe gelditu zaizkidanak eta seguruenik galdera bat edo beste izango dituzuela buruan bueltaka. Nire nahia presoak martxan jarraitzen dugula argi uztea da, preso bakoitzak bere erritmo eta muga propioetan, preso bakoitzaren egoera berezia baita, baina beti ere kolektiboak berak ezarritako marra gorriak errespetatuz: damutzea eta salatzea.
Beno gaurkoz nahiko txapa sartu dizuet ezta? Gaur ere bukatzeko animatu nahi zaituztet presoei idaztera, informazio eta harreman gose izaten garela eta izugarrizko indarra ematen digula zuen eskutitzak jasotzea. Herria gertu sentitzeko bide zuzena hori baita guretzat. Eskatzea libre!jejeje
Besterik gabe agur bero bat!Zaindu eta bizi!
Gora gu ta gutarrak!
Gurutz Agirresarobe Pagola.
C.P. Sevilla II
41530 Morón de la Frontera
SEVILLA