Centaurotik Gazte-Lekura: futbola (9)
Antxon Alfaro
Futbola Centauron eta Gazte-Lekun egin ziren ekintza garrantzitsuenetako bat izan ez bazen ere, beti izan zuen bere presentzia. Antonio Gutierrok gogoratzen zuen Centauroren hasieran hondartzako futboleko talderen bat atera zutela.
Garai hartan, talde federatuak zituzten inguruko klubak Sporting de Herrera eta Roteta K.E. ziren. Futbolean jokatu nahi zuten baina talde horietan parte hartu ezin zuten [...]
Antxon Alfaro
Futbola Centauron eta Gazte-Lekun egin ziren ekintza garrantzitsuenetako bat izan ez bazen ere, beti izan zuen bere presentzia. Antonio Gutierrok gogoratzen zuen Centauroren hasieran hondartzako futboleko talderen bat atera zutela.
Garai hartan, talde federatuak zituzten inguruko klubak Sporting de Herrera eta Roteta K.E. ziren. Futbolean jokatu nahi zuten baina talde horietan parte hartu ezin zuten gazteak, koadrilen artean antolatzen ziren afizionatu mailako txapelketetan jokatzearekin konformatu behar zuten, edo auzoetako jaietan ezkongabeen eta ezkonduen arteko partidetan jokatzearekin.
Juan Antonio Ricok gogoratzen du lehenengo Centaurorekin eta gero Gazte-lekurekin afizionatuentzako Euskal Herriko futbol txapelketan parte hartu zutela. Jolasteko erabiltzen zituzten kamisetak horiak eta beltzak ziren. Entrenamenduak Kontxako hondartzan egiten zituzten. Partidak, berezko zelairik ez zutenez, Oiartzunen, Martutenen, Anoeta estadioan edo Bentetako militarren futbol zelaian jokatzen zituzten.
Garai horretan ere, 70eko hamarkadaren hasieran, Gabierrotako (Errenteria) torneoan parte hartu zuten bi urtez Gazte-Leku izenarekin.
Futbol zaletasunak koadrilen arteko lagunarteko partidak ere antolatzera eramaten zituen. Normalean Anoeta zelaian jokatzen zuten. Juan Antonio Ricok adierazten du futbol-zelaiaren eta bazkariaren kostua jokoan zeudela. Irabazten zutenek, zelaia alokatzea kostatzen zen 100 pezetak ordaintzen zituzten, eta galtzen zutenek, bazkaria.
1975ean, Gazte-Lekuren zuzendaritza berriak futbol talde bat sortzea proposatu zuen, azken urteetan elkartetik kanpo egon baitzen jarduera. La Palmera tabernak antolatutako txapelketan parte hartzea erabaki zuten, urte hartako uztaileko aldizkarian jasotzen denez, honako hauekin: David Campos, Manuel Roldan, Javier Rodríguez, Manuel Moreno, Felipe Gimón, Carlos García, Miguel Angel Bombín, José Mª Gimón, Pedro Cañamero eta Joaquín Ayensa [1].
Erreferentziak:
[1] Gazte-Leku elkartearen aldizkaria. II. urtea. 2. zenbakia (1975)