"Auzoan behar jakin batzuk identifikatu eta horri begira jarri gara lanean."
Urtebeteko ibilbidea egin du Groseko Asanblada Feministak (GAF). Auzoan feminismoa lantzeko espazio baten beharrak bultzatuta, emakume talde bat biltzen eta saretzen hasi zen iazko maiatzean. Urte emankorra izan dute: jaietako erasoen aurkako protokoloa, Martxoaren 8a, tailerrak, ekimenak… Erronka berriei heltzeko “indartsu” daude, eta ateak zabalik dituzte.
Urtebeteko ibilbidea egin du GAFek, ze balorazio egiten duzue urte honetaz?
Balorazio ona egiten dugu; azken batean, talde berria gara, bakoitzak bere gauzak ditu, eta lanak izan ditugu taldea egonkortzen, elkar ezagutzen, elkarrekin lan egiten ikasten, konfiantza hartzen, konpromisoak zehazten… Baina lortu dugu taldea osatzea eta talde-izaera garatzea. Bide asko dugu oraindik jorratzeko, baina indartsu gaude. Auzoan behar jakin batzuk identifikatu eta horri begira jarri gara lanean: sare bat sortzea eta feminismoa lantzeko espazio bat sortzea. Egin ditugun gauzen artean, jaietako erasko sexisten aurkako protokoloa, tailerrak (antisorgailuen ingurukoa, autodefentsa…), kanpainak, eta oro har egiten ari garen saretze-lana nabarmenduko genituzke. Oraindik asko dugu egiteko!
Nola sortu zen taldea, eta zein da zuen antolatzeko modua? (zenbat lagun, zenbatero bildu, non)
Auzoko zenbait emakumek buruan genuen talde feminista bat sortzea, kezka eta irrika genuelako feminismoa lantzeko, eta uste genuelako horretarako gune bat behar genuela. Lehendik auzoko beste gune batuzetatik ezagutzen ginen batzuk elkartuz hoan ginen, deialdia zabaldu, eta gero eta jende gehiago elkartuz joan gara. 15-20 bat izango gara guztira, nahiz eta oro har gutxiago elkartzern garen bileretan. Dena den, bat-batean bilera batera 15 elkartzen garenean, pozgarria da oso. Asko gara! Normalean, bi astetik behin elkartzen gara, Marruma elkartean.
Erasoen aurkako protokoloa garatu eta ezarri duzue jaietan. Nola izan da protokolo hori osatzeko prozesua?
Beharrezkoa ikusi genuen jaietako problematikari heltzea; izan ere, jasangaitza da egoera, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun honen inguruko lanketari lehenbailehen heltzea, jaietan ere lasai, eroso eta asko ibili nahi dugulako. Erasoak saihesteko eta haiei erantzuteko tresna bat behar genuen. Izan ere, protokoloak, gertatzen diren eraso jakinei erantzuteko tresna bat izateaz gain, haiei aurrea hartzeko ere balio du. Beste toki batzuetako protokoloak hartu genituen oinarritzat, eta gure auzora egokitutako bat moldatu genuen. Auzoko eragileekin landu genuen, aurkeztu, autodefentsa tailerra egin, kartelak, kuña, eskuorriak… Hau da, eraso sexisten gaiari erantzuteko lanketa oso bat prestatu genuen. Oso erantzun ona jaso genuen, era, protokoloa pixka bat findu ondoren, San Tomas egunean ere egin genuen lanketa.
Aurtengo beste mugarri bat martxoaren zortziko emakumeen greba izan da. Egun hori antolatzeko Donostiako Asanblada Feministarekin eta hiriko gainerako auzoetako taldeekin antolatu zarete. Zein harreman duzue haiekin?
Ezinbestekoak iruditzen zaizkigu horrelako aliantzak. Gainera, orain indarberritzen ari dira, eta lan handia egiten ari dira emakume asko eta askotarikoak elkartzeko. Ezin izaten dugu beti joan, baina, modu batera edo bestera, jarraitzen dugu haiekin harremanetan. Harreman handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina Donostiako beste talde feministekin ere.
Betaurreko moreak jarrita, nola ikusten duzue auzoa?
Zaila da galdera horri erantzutea. Talde sortu berria gara eta asko daukagu oraindik eztabaidatzeko, kritikatzeko eta definitzeko. Hala ere, ez dugu, oraingoz, gure egitekotzat harut auzoa oro har ikuspegi feministatik aztertzea, esparru askotatik lantzea eskatzen baitu horrek, baina guk guneak ireki nahi ditugu (gure taldea, besteak beste), auzoko eta gizarteko arlo asko eta sistema bera aztertzeko eta zalantzan jartzeko.
Feminismoak garrantzia handia hartu duen honetan, zer eskatzen dio GAFek auzoari?
Guk auzoan lantzen dugu feminismoa, auzoarentzat. Feminismoa denen ahotan dago, baina askok beren intereserako erabili nahi dute; guk, ordea, kritika errotik egin behar dela uste dugu. Sistema honetan deseroso gaudenontzako gune bat izan daiteke, gure irrikak biltzeko, lantzeko, elkarrekin ekiteko, feminismoa kalera ateratzeko, beste ikuspuntu bat emateko, beste modu batera erlaziona gaitezkeela erakusteko, geure buruak ahalduntzeko, eztabaidatzeko, prestatzeko, protestatzeko, elkar-zaintzeko, elkar-elikatzeko…
Ziur badela lerro hauek irakutzen ari den eta taldean parte hartzea gustatuko litzaiokeek emakumerik. Zer esango zenioke?
Anima daitezela! Proba dezatela, egiten ditugun gauzetara hurbil daitezela, edo jar daitezeela gurekin harremanetan email (grosekoasanbladafeminista@gmail.com) edo Facebook (Groseko asanblada feminista) bidez. Seguru asko duela emateko, eta ongietorriak izango direla. Nazkatuta baldin badaude sistema kapitalista patriarkalak eskaintzen dienarekin, hau toki on bat dela. Guk beste gauza batean sinisten dugula, lan egiteko beste modu batean.
Zein erronka dituzue etorkizunari begira?
Orain, plangintza osatzen ari gara, eta kanpora begirako eta barrura begirako planteamenduak ditugu. Barrura begirakoei dagokienez, talde dinamika indatzea, formakuntza lantzea, elkarren arteko harremanak lantzea, adibidez egun-pasak eta aisia jarduerak antolatuz, eta elkar-zaintza, besteak beste. Kanpora begirakoetan, auzo gune segurua bilakatzea (eraso sexisten aurkako lanketa, gune ilunak…), auzok beste eragileekin saretzea, jende gehiagorengana iristea, erreferentzia lortzea, diskurtso propio bat garatzea eta abar. Hori guztia, betiko formulez haratago, hainbat praktikaren bidez egitea, direla hitzaldiak, zine-forumak, kaleko ekintzak, jardunaldiak, aisia… Lan handia daukagu aurretik!