Feminismoaren ildotik tiraka jarraitzen dugu
Jaiak gure bizitzaren parte dira, kokatzen diren gizarte eta garaiaren isla. Horrenbestez, bizi garen sistema heteropatriarkalaren balioak nahiz egitura soziala erreproduzitzen dira jai esparruan, eta zenbaitetan, haren adierazpenak muturreraino eramaten dira. Horren adibide dugu Euskal Herriko jai giroa udararo iluntzen duen albisteen segida.
Bizi dugun errealitate zapaltzailea hobeto ezagutu eta eraldatzeko nahiak ariketa pertsonal zein kolektiboetan bildu gaitu. Norabide horretan egin genituen iaz Emaginen laguntzaz hainbat hausnarketa: parte hartzea, eraso sexistak, botere harremanak… Eraso sexisten identifikazioa izan zen gure helburua, baita horien aurreko jokabidea bateratzea eta aurreko urteetako gertakarietatik ikastea ere. Gaur da eguna feminismoak lan taldea indartu duela eta jai herrikoi askatzaileetan urratsen bat eman dugula.
Era berean, jaietan parte hartuko duten pertsonengan jarri dugu begirada. Horretarako, zapalkuntza intersektorialen aurrean kritiko agertzen denari eskaini nahi izan diogu plaza. Hala ere, ezin aipatu gabe gelditu hori lortzeko izan ditugun zailtasunak. Batzuk usteko dutenaren kontrara, ordea, zailtasunak ez dira hainbeste artista feminista kopuruaren hutsunetik abiatutakoak, antolatzaileon ezagutzaren hutsunetik abiatutakoak baizik, zoritxarrez, egunerokoan ez baita ikusgarri hegemoniaz gaindi dagoen hori.
GORA AMARA BERRIKO JAI HERRIKOI, EUSKALDUN ETA FEMINISTAK!