Haurren lan-taldearen biziberritzea
Jada hiruzpalau urte Gros auzoko Urrats aisialdi taldeak haurren lan-taldearen gidaritza hartu zuela, ordutik Gros auzoan zeuden ekitaldi eta jaietan haurren presentzia ziurtatzea izan da helburua. Hala ere, hainbat izan dira urte hauetan ikusi ditugun arazoak eta horiek konpondu nahian haurren lan-taldea biziberritzearen prozesua hasi dugu.
Biziberritze honetan haurrekin harremana duten beste eragileengana jo dugu, batik bat gurasoengana. Gurasoak jaietan alboratuak eta ikusle moduan egon dira askotan, hau eraldatzeko eta jaietan rol bat izateko asmoz haurren lan-taldeak euren ikuspuntua txertatzea erabaki du. Horretarako jaien sortze prozesuan parte-hartze zuzena izateaz gain beste hainbat ekintzetan esku-hartze zuzena izango dute, hala nola txokolatadan edo beste edozein ekimenetan.
Honez gain, haurren lan-taldeak interesa duen pertsona edo eragile orori eskua zabaltzen dio gure eta aldameneko auzoetako haurren aisialdiko ekintzetan parte-hartzeko eta harremanetan egoteko.
Aurtengo jaiei dagokienez egitarau finko eta sendo bat aurkeztu nahi dizuegu, azken urteetan bezala jaien hasiera eta amaiera emanaldiekin hasiko duguna. Lau egunetan zehar buruhandi eta erraldoiekin gozatzeko abagunea izango dugu, baita ostiral eta larunbatean Urrats Taldeko jolasekin ere. Biziki gomendatzen dizuegu haurren egitaraua ongi arakatzea zeure gustuko zerbait topatuko duzuelakoan gaudelako.
Gainera, azken urteen antzera auzoko haur orori haur danborradan parte-hartzeko deia luzatzen dizuegu. Adin ezberdinetako haurrek gure auzoko kaleak danbor eta barril hotsez beteko dituzte ostiral arratsaldean, beraz, asko animatzen zaituztegu hots horien artean zuenak ere bertan egotera.
Bestalde, ez dugu aukera pasatzen utzi nahi gure lan-taldeari laguntza eskaini dioten eragile eta pertsona orori eskerrak emateko. Benetan pentsatzen dugu gaur egun jaietan eta kaleetan hezten ari garen haurrak etorkizuneko auzokide izango direla, eta beraz, gure auzoko jaiak eta kaleak eurenak ere bilakatzea dela gure helburua. Horretan lagundu diguten, laguntzen diguten eta lagunduko diguten guztiei besarkada bero bat gure lan-taldetik.
Azkenik, lan-taldearen biziberritzean gure logo propioa sortu dugu. Irudi honekin gure auzoa haurrentzat ere bilakatu nahi dugunaren ideia azaleratu nahi genuen eta beraz, logo hau zabaltzera gonbidatzen zaituztegu. Horretarako txapak egingo ditugu eta jasotako diruarekin gure egitaraua eta dinamikak hobetuko ditugu. Denon artean, eraiki dezagun haurren auzoa, haurren Gros.
Haurren lan-taldea