Haurren lantaldearen biziberritzea
Jada bospasei urte Gros auzoko Urratsa Aisialdi taldeak haurren lan-taldearen gidaritza hartu zuela, geroztik Gros auzoan zeuden ekitaldi eta jaietan haurren presentzia ziurtatzea izan da gure helburua. Hala ere, hainbat izan dira urte hauetan ikusi ditugun arazoak, eta horiek konpondu nahian haurren lantaldearen biziberritze prozesua hasi dugu.
Biziberritze horretan haurrekin erlazionatuak dauden beste eragileengana jo dugu, batik bat gurasoengana. Gurasoak jaietan alboratuak eta ikusle moduan egon dira askotan; hori eraldatzeko eta jaietan rol bat izateko asmoz haurren lantaldeak euren ikuspuntua txertatzea erabaki du. Horretarako, jaien sortze prozesuan parte-hartze zuzena izateaz gain, beste hainbat ekintzetan eskuhartze zuzena izango dute, hala nola, txokolatadan.
Horretaz gain, haurren lantaldeak interesa duen pertsona edo eragile orori eskua zabaltzen dio gure eta aldameneko auzoetako haurren aisialdiko ekintzetan parte hartzeko eta harremanetan egoteko.
Aurtengo jaiei dagokienez, egitarau finko eta sendo bat aurkeztu nahi dizuegu. Azken urteetan bezala jaien hasiera eta amaiera emanaldiak izango ditugu, aurpegia margotzeko aukera ere izango dute haurrek! Lau egunetan zehar buruhandi eta erraldoiekin gozatzeko aukera izango dugu, baita ostiral eta larunbatean Urrats Taldeko jolasekin ere. Biziki gomendatzen dizuegu haurren egitaraua ongi arakatzea, zeure gustuko zeozer topatuko duzuelakoan gaudelako.
Gainera, azken urteen antzera auzoko haur orori HAUR DANBORRADAN parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Hainbat adinetako haurrek gure auzoko kaleak danbor eta kupel hotsez beteko dituzte ostiral arratsaldean. Hots horien artean zuenak ere egotea gustatuko litzaiguke. Danborrada amaitutakoan, aurreko urtean bezala, haurrentzako afaria egongo da.
Bestalde, gure lantaldeari laguntza eskaini dion eragile eta norbanako orori eskerrak eman nahi dizkizuegu. Benetan pentsatzen dugu gaur egun jaietan eta kaleetan hezten ari garen haurrak etorkizuneko auzokide izango direla, eta beraz, gure auzoko jaiak eta kaleak eurenak ere bilakatzea dela gure helburua. Horretan lagundu digun, laguntzen digun eta lagunduko digun guztiei besarkada bero bat gure partez.
Azkenik, lan-taldearen biziberritze lanetan gure logo propioa sortu genuen iaz. Logo horren bitartez, auzoa haurrena ere badela, eta hori lortu nahi dugula adierazi nahi genuen. Beraz, irudi hori zabaltzen laguntzeko eskatu nahi genizuen. Horretarako, aurten ere txapak egingo ditugu, eta jasotako diruarekin egitarua eta ekintzak hobetuko ditugu: eraiki dezagun denon artean haurren auzoa, haurren Gros!
Haurren lantaldea