Sinadurak biltzen, Babes Ofizialeko Etxebizitzak igeldotarrentzat izateko
Festen bueltan, Herri Kontseiluak martxan jarri zuen sinadura bilketa Babes Ofizialeko 36 Etxebizitzak igeldotarren beharrak asetzeko izan daitezen eskatuz. Lanketa sakonagoa egiteko asmoa du Herri Kontseiluak eta gaia aztertzen ari da. Dena dela, gogorarazi du sinadurak biltzen jarraitzen duela eta herriko puntu desberdinetan dagoela aukera orria sinatzeko: kultur etxeko bulegoan, Txapela tabernan, Mendizorrotz tabernan eta Calongen.
Horrez gain, internetez ere badago sinatzeko aukera change.org atariaren bidez. Dena dela, aukera izanez gero, Herri Kontseiluak adierazi du hobe dela paperean sinatzea.
Bestalde, ahalik eta sinadura gehien lortzeko, herritarren laguntza beharko duela ere azpimarratu du.
Herri Kontseiluak gogorarazi du Igeldoko Babes Ofizialeko Etxebizitzak egin zirenean, horietatik 36 igeldotarrentzat izatea lortu zela, ederki borrokatu ostean: «Gaur egun, ordea, jabe aldaketa dagoenean, Donostiako Udalak ez du onartzen baldintza hori; eta hori ezin dugu onartu».