"KIROL ETA JOLAS": UMEEI KIROL JOLASAK ERAKUSTEKO MATERIAL PRAKTIKOAK, EUSKARAZ
Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.
Kirol eta Jolas egitasmoaren helburua, eskola kiroleko euskarazko materialak eskaintzea da, zehazki 6-9 urte arteko haurrekin lan egingo duten begiraleei zuzendurikoak. Izan ere, hutsune handia dago ume txikienei zuzendutako eskola kiroleko euskarazko materialgintzan, zehazki, 6-9 urte arteko umeei dagokienez.
6-9 bitarteko umeek kirol jolasak egiten dituzte, eta gai honetan entrenatzaileek euskarazko material praktiko oso gutxi dute eskura. Aldiz, adin nagusiagoetara eta kirol espezifikoetara bideratutako gida eta eduki gehiago topatzen ditugu. Proiektu honek hutsune hori bete nahi du, ikus-entzunezko euskarazko material praktikoak, egituratuak eta kalitatezkoak eskainiz.
Eduki horiek guztiak online eta doan dituzte kirol begiraleek, proiektuarentzat sorturiko webgune batean. Bertan, begiraleek umeei kirol jolas garrantzitsuenak irakasteko azalpen zein praktika bideo laburrak eta gida idatziak aurkituko dituzte, entrenamenduak euskaraz gidatzeko baliabide anitzak eta eramangarriak izan ditzaten.
Kirol eta Jolas proiektuaren webgunea guztiontzat dago eskuragarri honako helbidean: https://kiroletajolas.asmoz.org