ZINEMALDI ALTERNATIBOA 6(+2), EZ DITUGU FOKU ETA ARGIAK ITZALI!
«Hartuko nituzke Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren bideoak eta mezuak. Asko egin dituzte eta diru asko gastatu dute ekoizpenean. Bi atzerritar dirudunek elkar ezagutzen dute Parte Zaharrean, pintxoak hartzen dituzte, ilunabar izugarria erakusten dute, eta jarraian, elkarbizitzaren kulturaren mezua, hiritarren energia olatuak… Hori guztia nahastuko nuke aurten gertatu diren beste gauza batzuekin, itsasoan itota hil diren […]
«Hartuko nituzke Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren bideoak eta mezuak. Asko egin dituzte eta diru asko gastatu dute ekoizpenean. Bi atzerritar dirudunek elkar ezagutzen dute Parte Zaharrean, pintxoak hartzen dituzte, ilunabar izugarria erakusten dute, eta jarraian, elkarbizitzaren kulturaren mezua, hiritarren energia olatuak… Hori guztia nahastuko nuke aurten gertatu diren beste gauza batzuekin, itsasoan itota hil diren errefuxiatuen irudiekin. Izan ere nola gogoratuko da 2016? Nola jokatu du Europak? Bada, Donostiak hori bera ordezkatzen du»
Irutxuloko Hitzak egin Zinemaldi Alternatiboari buruzko erreportajean Kote Camacho zinemagileak esandakoak dira. Astearteko saioan izan genuen Kote, bere hiru lan aurkezten. Eta bere burutazio edo proposamena ez du haizeak eramanen, Zinemaldi Alternatiboa amaitu bada ere, izan zinema, ezelako emanaldi edo protestaren bitartez, kapitalaren kulturak berekin dakartzan kontraesan, engainu eta ahanzturei itzuli egiten jarraituko dugulako.
Zortzigarrenez ospatu dugu Zinemaldi Alternatiboa, Kortxoenea izan zen kultur sormenerako fabrikaren hondakinekin altxatu lubakietan ospatu ere. Gure eskerrak Donostian oraino asko eta askotarikoak diren espazio herrikoiei, beren ateak parez pare ireki eta beren goxoan jaso gaituztelako. Eskerrak eta estimua, halaber, zortzigarren edizio honetan beren lanak aurkeztu dituzten lagun, mugimendu eta proiektuei. Zuekin egiten gara gu eta elkarrekin egiten ditugu kulturak, ezin bestela.
Argiak eta fokuak itzali, oihalak jaitsi eta gorbatadun babesleak etekina emango dien hurrengo jaialdira alde egiten dutenean, kultura egiten jarraituko dugu. Zuk, nik eta hark, guk, haiek eta besteek. Kultura ez delako inoren monopolio. Kulturak direlako, pluralean. Eta kultura horien froga txiki batekin esaten dugu aurtengoan laster arte. Zinemaldi Alternatiboaren amaierarekin, eta Peru bakarlariaren musika goxoaren aurrez, Txantxarreka Gaztetxean ikusi genituen lanak partekatzen ditugu. Bost lan, Kultura Hiriburua gaitzat hartuta hitzik erabili gabe, ordu gutxi batzuen tartean onduak denak.
KULTURAREN HURRENGO BARRIKADAN ELKAR IKUSIKO DUGU!!