Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak?
Auzoko ostalari eta dendari ezberdinekin elkartu gara, haiek Zipotz Jaiak nola bizi dituzten jakin nahi bait genuen. Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak? galderari erantzun diote denek eta guztien hausnarketak izan dira interesgarriak. Beraz, jarraian, Jaietan zehar era ezberdinetan parte hartzen duten komertzio eta tabernetako langileen ikuspuntuak irakurri ahal izango dituzue.
Haritz Iraola – Txindoki taberna
Nere ustez festak bizia ematen dio auzoari aste horretan. Gauza dezente antolatzen dira eta jende askok hartzen du parte. Gustura egoten naiz, nahiz eta neri lana egitea tokatzen zaidan beti festetan. Dena den, lanetik atera eta beti ematen dut bueltaren bat, badaudelako gauzak egiteko eta ondo pasatzeko. Nik lana egiten dut gehien bat, baina gustura.
Joseba Balda – Ezkurra taberna
Urtetik urtera giro gehiago dago, jende gehiago mugitzen da eta jaiek arrakasta gehiago dute. Ostalari bezala lanean egoten naiz eta lan gehiagorekin gainera. Dena den, jaiak auzo guztira zabaldu beharko lirateke nire ustez, puntatik puntara.
Beltza – Tedone jatetxea
Nire ustez auzoko jaiak oso politak izaten dira eta izan dira beti. Duela urte batzuk asko ibiltzen nintzen bertan, orain gutxiago. Hala ere, musikariei afariak ematen laguntzen dut jaietan eta iaz jatetxera etorri ziren afaltzera talde batzuk. Jai herrikoi aberatsak dira.
Kixkurra
“Lana, lana ta lana egiten dut jaietan ordubata arte. Ondoren Txoznara joaten naiz pote bat hartzera” Pello Ostolaza
“Ostalariak garenez lanean pasatzen dugu jaien zati handiena, baino jaiak asko gustatzen zaizkigu. Nahiz eta lanez gainezka egon, jendea ondo pasatzen ari bada, ni pozik egoten naiz” Nerea Blanco
Kirol musik – Yolanda Sanchez
“Guk umeak ditugu eta beraz, lanetik ateratzerakoan etxera joaten gara. Baina larunbatean Zabaleta kalean festa antolatzen dugunez, ondo pasatzeko aprobetxatzen dugu, kalean giroa sortuz guztion artean.”
Zas – Vero Semís
Beti lana amaitzeko gogoz egoten naiz. Igandea iristeko zain, taberna itxi eta ondoren karpara joateko gogoz, bertan asko gozatzen dut eta. Jaiak niretzat auzotarrak mobilizatzeko eta hemengo jendearen artean giroa sortzeko modu on bat dira. Urtean zehar ikusten ez dugun jendea topatzeko eta elkarrekin gozatzeko aukera izaten dugu. Beste hitz batzuetan esanda, auzotarren arteko bilkura bat dira jaiak.