Marisol Garmendiari
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Eskutitz hau errespetu osoz idazten dizut Garmendia anderea; baina zure ahotik entzundakoak pena besterik ez dit sortu. Maiatzaren 22tik, zure alderdiak hartu duen bidea ez dut ulertzen, baina zuek jakingo duzue zer egin. Donostiako alkate honek batzuentzat bakarrik agintzen duela esaten duzue, behin eta berriz. Baina ahaztu egin al zaizu milaka donostiarrek hori egiteko aukera eman diotela? ETAko biktimak ahaztu dituela esaten duzue, behin eta berriz, baina ahaztu egin al zaizu Aieten bertan ezker abertzaleak egin zuenbiktimen onarpena? Gustukoa izan daiteke ala ez, baina biktimak ez dira ahaztu. Are gutxiago etorkizunera begira ireki zaigun atea ikusita. Zuek gobernuan egon zaretela ez dut ahaztu. Baina zuek ahaztu al duzue? Biktima guztiak onartu al zenituzten? Ezetz uste dut. Debeku eta porren legea erabiltzen zenutela ez dugu ahaztu ez nik ezta nire bizkarrak ere. Biktima guztiak kontuan hartzen badituzue eta eskubide guztien defentsa egiten baduzue, urtarrilaren 7an Bilbon elkar ikusiko dugulakoan nago. Ah ez, ez dut uste, ez zarete joango, ezta? Banengoen ba ni. Hain demokratak zarete zuek Garmendia anderea. Ez baldin baduzue atzeman, ironia zen. Hemen mundu guztiak egin ditu akatsak, nik ere, pentsa. Eta uste dut zure azken adierazpenak hori izan direla, akatsa. Lehen kexu zineten PPk behin eta berriz biktimak erabiltzen zituelako, hemerotekan ikusi bestela. Eta orain, zuek? Beste diskurtsorik ez duzue eta iraganeko estrategia erabiltzen garai berri hauetan? Zorionez, gauzak aldatu dira, eta donostiarrok, euskaldun guztion gisa, errealitate hori ikusten dugu. Segi iraganeko estrategiarekin eta oposizioko urte gehiago geratuko zaizkizue. Etorkizunean diskurtso hauek ez direla erabiliko uste dut, urtarrileko manifestazioak bukatuko diren bezala. Denen eskuetan dago hori. Bide luze honetan bide-kide izaten hasi gaitezke etorkizunean bide-lagun izateko. Kontatu nirekin! Eta zuekin?