"Udalak herritarrekin partekatu behar du bere lidergoa"
Auzoetaherriak@donostia.org webgunearen bitartez. Juan Karlos Izagirrek, bere aldetik prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei, “hiria herritarrek egiten dutelako, eta parte hartzea ezinbestekoa delako auzo, herri edo hiri baten parte sentitzeko”.
Martxoaren 3an hasiko dira ‘Auzo eta Herriak Donostia Indartzen’ prozesu parte hartzailearen harira antolatu dituzten bilerak egiten, auzoetako lehentasunak herritarrekin batera zehazteko.
Gaur aurkeztu du udal gobernuak hiriko auzo guztietara hedatu nahi duen prozesu parte hartzailea. 2011 eta 2012an abiatu zuten egitasmoaren jarraipena da oraingoa. Juan Karlos Izagirre, alkatearen arabera, “udalak herritarrekin konpartitu behar du bere lidergoa, eta denon artean lan egin; ez du zentzurik herritarrak entzun eta kontuan hartuko ez dituen politika egiteak. Guk pauso bat haratago ere joan nahi dugu: herritarrekin gure hiria eraikitzeko erantzukizuna partekatu nahi dugu, behetik gora egin nahi dugu politika”.
Herritar aktiboak nahi ditu udal gobernuak, modu antolatuan ekarpenak egiten dituztenak. Eta ekarpen horiek guztiak biltzeko asmoz jarriko dute abian prozesu parte hartzailea. Bi helburu izango ditu: Prozesua abian jarri zutenean hartutako konpromisoak zertan diren azaltzea herritarrei, eta auzoetan lehentasunezko proiektuak zein diren adostea.
Hiru fasetan banatu dute prozesua
Lehen fasea martxoaren 3tik 26ra bitartekoa izango da. Hamabost bilera egingo dituzte auzoetan, alkateak berak eta udaleko hainbat teknikarik 2012ko konpromisoen berri emango dutelarik. Honela banatuko dute egutegia:
-Martxoak 3: Añorga (Antxon Ayestaran kultur etxea).
-Martxoak 4: Martutene (Gazteleku).
-Martxoak 5: Txomin Enea (Haur txokoa).
-Martxoak 6: Altza (Tomasen kultur etxea).
-Martxoak 10: Amara Berri (Ernest Lluch kultur etxea).
-Martxoak 11: Bidebieta (Kontadores).
-Martxoak 12: Aiete (kultur etxea).
-Martxoak 13: Loiolako Erribera, (Ernest Lluch kultur etxea).
-Martxoak 17: Parte Zaharra (San Telmo Museoa).
-Martxoak 18: Loiola (kultur etxea).
-Martxoak 19: Antigua (Lugaritz kultur etxea).
-Martxoak 20: Egia (kultur etxea).
-Martxoak 24: Gros (Okendo kultur etxea)
-Martxoak 25: Intxaurrondo (kultur etxea)
-Martxoak 26: Amara-Morlans (Urbietako eskolak)
Bilera guztiak 19:00etan egingo dituzte.
Martxoko bilkuretan 2012ko konpromisoen kontu ematearekin batera, udal gobernuak aurkeztuko du auzo elkarteek eta Donostiako Udalak elkarrekin gidatuko duten hurrengo fasea.
Bigarren fasean auzo elkarteek eurek gidatuko dituzte bilerak, udal teknikarien laguntzarekin. Apirilean eta maiatzean ekarpenak jasotzeko balioko duten bilerak egingo dituzte. Ondoren, ekarpen horiek guztiak udal gobernuarekin elkarbanatuko dituzte, lehentasunezkoak diren proiektuak zein diren elkarrekin adosteko.
Azkenik, udal gobernuak proposamenak aztertu ondoren erantzun bat emango diete, eta onartutako proposamenak 2015 urteko aurrekontu proposamenean islatuko dituzte.
Parte hartze osoa jarraitzeko aukera eskaini dute