Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsoro. (Argazkia: Lide Ferreira)
Otsaileko udalbatzarra egiten ari dira gaur, martxoak 3. Joan den ostegunerako aurreikusia zegoen, baina euriteek Martutenen eta Txominen sortutako arazoengatik gaur arte atzeratu dute. Bada, lehen erabaki garrantzitsua hartu dute dagoeneko. Hain zuzen ere, hasierako onarpena eman diote hiri hondakinak biltzeko udal ordenantzaren aldaketari.
Hiri Azpiegituren eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok azaldu bezala, Parte Zaharreko bilketa sistema berrira egokitzeko egin dituzte aldaketak, “inplikatutako eragile guztien artean”. Prozesua luzea izan dela esan du, eta proposamena “auzotarrekin eta auzotarrentzat egina” izan dela nabarmendu du. Duela hiru hilabete hasi zen sistema berria Parte Zaharrean, eta, Galparsororen hitzetan, emaitza nabarmenak ekarri ditu jada, “bai garbitasun aldetik, baita birziklatze tasei dagokienez”. Bi horiek dira, hain zuzen ere, Parte Zaharreko sistema berriaren helburuak, udal gobernuko ordezkariaren esanetan.
Aho batez onartu dituzte aldaketak, PSE-EEk proposatutako emendakin bat adostu eta gero; oposizioaren aldeko botoarekin, eta udal gobernuaren kontrako iritziarekin, kasu honetan. Hain justu, zabor boltsak irekitzeko eskumena nork izan behar duen puntuak sortu du eztabaida. Udaltzaingoak ez ezik, teknikariek ere zaborra ikuskatzeko eskumena izatea proposatu du udal gobernuak, baina horren kontra azaldu da oposizioa, PSE-EEren emendakinaren bitartez. Horrenbestez, horretan ez da aldaketarik egongo, eta Udaltzaingoa izango da eskumena izango duen bakarra zabor boltsak irekitzeko, orain arte bezala.
Araudia aldatzeko orduan akordioa lortu badute ere, oposizioko ordezkariek udal gobernua kritikatu dute. “Ez gara fio, ez baitakigu Bilduk zertarako nahi duen zabaldu zabor poltsak irekitzeko eskumena. Ez dugu batere garbi, are eta gehiago Hernanin kamerak dituztenean bilketa kontrolatzeko. Obsesio puntu bat dago honen atzean”, adierazi du PSE-EEko bozeramaile Denis Itxasok. “Udal gobernuak ez du zigorrik jartzen kartelak ipintzen dituztenean Parte Zaharrean; zaborraren bilketarekin, berriz, erotuta dago”, erantsi du.
EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxaga ere hondakinen ikuskatzailearen figura sortzearen kontra azaldu da: “Hondakinen STASI bat sortzea litzateke. Ezker abertzalea itsututa dago zaborrarekin”, esan du. Vicente Garciak, berriz, esan du proposatutakoak “askatasuna” urratuko liekela herritarrei.
Nora Galparsorok, bere aldetik, udal gobernuaren proposamenaren defentsa egin du: “Herritarrak jazartu nahi izan bagenitu, Udaltzaingoarekin egingo genukeen, eurek dutelako zabor boltsak irekitzeko eskumena, eta ez dugu egin. Birziklatze tasak hobetzea da nahi duguna, eta gogoratu beharra daukat zabor poltsak irekitzearen erabakia PSE-EEk hartu zuela”,