Polizia operazioaren aurkako kontzentrazioa egingo dute gaur Herrerako topo geltokiaren ondoan, 20:00etan.
Fernando Arburua. (Argazkia: Askabideoak)
Euskal presoen senideen Etxerat elkartearen eta presoen osasuna zaintzen lan egiten dute profesionalen Jaiki Hadi elkartearen hainbat kide atxilotu ditu gaur goizean Guardia Zibilak.
Fernando Arburua preso ohia da eta presoen osasun baldintzak hobetzeko lan egiten duen Jaiki Hadi elkarteko kide da. Atxiloketekin batera, miaketak egin dituzte atxilotuen etxeetan. Arburua Altzako kaskoan atxilotu dute. Goizeko zazpiak inguruan joan da Guardia Zibila bere bila. Jendea bere etxe ingurura hurbiltzen hasi da, eta bere senideak identifikatzen hasi dira. Arburuaren senideak abokatu batekin jarri dira harremanetan eta eguerdi aldera bertaratu da. Orduan hasi dute miaketa poliziek, hiruak arte. Preso eraman dute, eta abokatuak senideei azaldu dienaren arabera, litekeena da Madrilera eramatea, Tres Cantos-eko komisaldegira. Komunikatuta dago Arburua eta abokatu batekin deklaratuko du komisaldegian. Ostiralean epailearen aurretik pasako dela uste dute.
Etxerat-eko Nagore Lopez Luzuriaga eta Izaskun Abaigar
, eta, Jaiki Hadi elkarteko Oihana Barrios dira beste atxilotuak. Barne Ministerioaren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde “desberdinen” koordinazio gunean hartzen zuten parte. Operazioak zabalik jarraitzen du.
Gaur kontzentrazioa egingo dute Herrerako topo geltokiaren ondoan, 20:00etan. Etxerat elkartearen arabera, gaur atxilotuek presoen eskubideen urraketen aurkako lan “publiko eta gardena” egiten dute. Arratsaldean, eragileekin bilduko da LABek Donostian duen egoitzan. Biharko, berriz, prentsaurreko masibo batera deitu du Antiguako frontoian, Donostian, 11:30ean.
Laugarren polizia operazioa euskal presoen babesaren kontra
Euskal presoen babeserako elkarteen kontrako laugarren polizia operazioa da polizia iturriek
Pastor izenez bataiatu duten polizia operazio hau. Urtarrilean atxilotu zituzten euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioaren jarraipena litzateke, eta hari, urtebete lehenago eginiko beste batek eman zion bide. 2014ko urtarrilean Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak atxilotu zituzten, besteak beste. Presoen kolektiboak izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak ziren. Hilabete batzuk lehenago, Herrira mugimenduaren kontra jo zuen Espainiako Gobernuak. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, “ETAren kartzeletako frontearen kontrako” operazioa da gaurkoa. Barne Ministerioaren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde “desberdinen” koordinazio gunean hartzen zuten parte. Ez du zehazten erakunde horiek zeintzuk diren.