Momo jainkosak bihar hartuko du hiriko aginte makila, baina Donostia jai giroan murgilduta dago jada. Ia auzo guztietan egingo dituzte desfileak, astelehenean Sardina erretzen duten arte.
Momo jainkosa –ezkerrean–, eta bere laguntzaileak, Festan Blai argazki makinari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Inauteriak iragarri dituzte kaldereroek, inudeek eta artzainek hainbat auzotan, asteburuaz geroztik –ikus argazkiak–. Eta hala da,
mozorroen festa hemen da, hiriko bazter guztiak kolorez eta umorez betetzeko asmoz.
Gidari lanetan ibili ohi den Momo jainkosa ere hirian dabil. Errenteriako Odissey konpartsako Wendy Cerezo izango da aurten protagonista berezia.
Bihar eguerdian hartuko du hiriko aginte makila Momo jainkosak udaletxean, eta politikariek parrandazaleen aurrean amore eman beharko dute orduan.
Inauterietako beste protagonistak konpartsak dira. Atzo aurkeztu zituzten Illunben aurtengo 25 konpartsak, eta gaur arratsaldean berriro elkartuko dira guztiak Konstituzio plazan, 19:00etan.
Konpartsen desfile nagusiak bihar eta etzi egingo dituzte. 17:00etan abiatuko dira Bulebarretik, eta Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte.
Aintzinako konpartsak, berriz, hau da, Lorezainen konpartsa, Intxaurra Danborrada, Lanpernak eta Amara Berriko kaldereroak, 19:00etan abiatuko dira Parte Zaharreko hainbat kaletatik, eta 20:00etan elkartuko dira guztiak Konstituzio plazan.
Txikienek igande goizean erakutsiko dituzte euren jantzirik koloretsuenak.
11:30ean abiatuko dira Bulebarretik, eta 12:15ean Konstituzio plazan egingo duten emanaldi batekin amaituko dute ibilbidea.
Gero Axular dantza taldeak, bere aldetik, Euskal Haur Inauteria erakutsiko du igandean. Konstituzio plazatik abiatuko dira eguerdian, eta kalejiran joango dira Alderdi Ederreraino.
Inauterien harira 75 jarduera antolatu dituzte hirian, eta guztiak ez dira Erdialdean garatuko. Izan ere, haur txoko, gazteleku eta gainerako auzoetan ere hainbat tailer, desfile eta ikuskizun egingo dituzte.
Auzoak ere mozorrotuta
Denboran atzera egingo dute
Amara Berrin. Izan ere, bertako denda eta saltokiei belle epoque garaiko apaingarriak jarri, eta inauterietan murgiltzeko deia egin die auzo elkarteak. Gainera, hoberen apaintzen duen dendari edo tabernariak sari bat jasoko du.
Parte hartzen duten tabernetan inauterietako pintxo potea egingo dute gaur. Eta haurrentzako
mozorro lehiaketa bat ere egingo dute gaur arratsaldean, 18:00etan, Arcco merkataritza gunean.
Bestalde,
Ilunki elkartean inauterietako bertso afaria antolatu dute, Gaztelumendi anaiekin. 21:30ean egingo dute otordua, eta bukaeran mozorrorik onenari IRUTXULOKO HITZAren harpidetza emango diote saritzat. Bi bertsolari añorgatarrak izango dira epaileak.
Ostiral Mehe aukeratu dute kalera ateratzeko beste auzo batzuetan ere.
Ibaetan, ILAE konpartsa Aitor Zabaleta plazatik abiatuko da, 18:00etan.
Bidebietan, Thamessis konpartsaren emanaldia egingo dute gaur, 22:00etan, futbito zelaian.
Intxaurrondon, berriz, Betiko Zuhaitz konpartsaren desfilea egingo dute, Mons biribilgunetik abiatuta, 21:45ean. Auzoko txikiak igande goizeko 11:00etan aterako dira.
Antiguan oraindik zartaginak izango dira nagusi. Antiguako Pilotazaleok elkarteak antolatuta, kaldereroak ospatuko dituzte gaur. 160 bat parte hartzaile elkartuko dira Benta Berriko kiroldegian, 20:30ean, eta auzoko kaleak zartagien burrunbaz beteko dituzte. Txalupagillenen jarriko dute kanpamentua eta bertan irakurriko dute pregoia.
Antiguotarrak dantza taldeak gidatzen duen Inude eta Artzainen konpartsa, berriz, bihar eguerdian aterako da, Merkatu zaharretik.
Egiatarrak ere bihar aterako dira. Denok Taldea eta Aitor Ikastolako konpartsek girotuko dituzte auzoko kaleak, 11:00etan hasita.
Igandean
Grosek hartuko du lekukoa; 12:00etan abiatuko da Lagun Artea konpartsa, Euskadi plazatik.
Ordu berean aterako dira
Altzako konpartsak ere. Baina altzatarrek ez dute atsedenik hartuko datorren asteburua arte,
otsailaren 14an ospatuko baitute ohiko Eltze Festa.
Gainerakoentzat, ordea,
astelehena izango da mozorro, bihurrikeria eta txantxetarako aitzakia ematen duen inauteriaren azken eguna. Bilbo plazatik kalejiran etorri ondoren, Bulebarreko kiosko inguruan egingo dute
Sardina erretzea, 20:00etan.
Jaietan ere euskaraz
Udan egin zuen moduan, Euskara Zerbitzuak
Festan Blai argazki gunea aterako du kalera berriro. Bretxan, baserritarren txokoan jarriko dute makina,
20:00etatik 23:00etara, eta jendeak euskarazko mezuekin argazkiak ateratzeko aukera izango du.
Animatzen direnek momentuan jasoko dute euren argazkia, eta, gainera, Twitter, Facebook eta Instagram bidez zabalduko dituzte sarean.
2116ko hiria irudikatuko dute Piratek
Amara Berrin denboran atzera egin dute, eta Donostiako Piratek, berriz, aurrera. Izan ere, inauterietan etorkizunera bidaia egin, eta
hiria 2116an nolakoa izango den irudikatzea proposatu dute. Umorea, ironia edo kritika erabiliz gai horixe landuko dute.
Piratak Donosti Berri elkartean bilduko dira bihar, bertan bazkaldu eta girotzen hasteko. Bazkalondoan jolasak egingo dituzte eta Parte Zaharrera abiatuko dira kalejiran, bertso eta musikaz giroturik ibilbidea.
Bertan ezuste gehiago ere prestatu dituzte, baina inauteri bihurrien arimari eutsiz, ez dute guztia iragarri. Umorea eta jai giroa behintzat ez dira faltako; ezta 2116an ere!.
-
-
Inude eta artzainak kalera irten ziren Kresalaren eskutik. (Argazkia: Ainara Otxoa)
-
-
Inude bat. (Argazkia: Ainara Otxoa)
-
-
Dantzan ez ezik, bizikleta gainean ere ibili ziren. (Argazkia: Ainara Otxoa)
-
-
Kaldereroek festa giroa ekarri zuten Egiara. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
-
-
Amaran ere izan zuten zer ospatu. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
-
-
Egiatarrak, jaiarekin gozatzen. (Argazkia: Nerea Lizarralde)