Bizilagunen borroken inguruko mahai ingurua egin zuten Koldo Mitxelenan. Borrokak ezagutu, elkarren arteko sareak sortu eta gaur egungo hiri eredua aldatzeko nahia erakutsi zuten.

Bizilagunen borroken inguruko mahai ingurua. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bizilagunen borrokak elkartu zituzten astearte iluntzean Koldo Mitxelena liburutegian. Ez zeuden denak, baina asko bai: Erraustegiaren aurkako mugimendua, Belartza 2 gelditu, Uliako lore baratzak, Satorralaia bizilagunen mugimendua eta SOS Mirakruz 19. Lander Arbelaitz kazetariak gidatu zuen mahai ingurua, eta Enrique Ramos hirigintza zinegotziaren hitz batzuk ekarri zituen gogora: “Donostia plataformen hiria da”.
Hari horri tiraka hasi zen mahai ingurua. Izan ere, plataformen hiria izan edo ez, 2016. urtean hainbat mugimendu nabarmendu dira kalean eta beraien arteko elkarlanak eta sareak sortzen hasi dira egungo hiri eredua aldatu nahian.
Bakoitzak bere errealitatea, bere borroka eta bere ibilbidea ditu; baina kasu guztietan Donostiako bizilagun talde bat batu da auzoari eta hiriari eragiten dion afera bati konponbidea emateko asmoz.
Parte hartzea
Herritarren parte hartze falta aipatzen dute behin eta berriz bost borrokek. Uste dute udalak ez duela euren hitza entzun nahi eta zenbait bide hartu dituzte parte hartzearen bidea urratu ahal izateko. Horretan dihardu, esaterako, metroaren aurkako mugimenduak. Satorralaia bizilagunen mugimendua pasa den urtean sortu zen, metroaren azpiegitura «erraldoiari» aurre egiteko asmoz. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ateak jo zituzten parte hartze prozesu bat abiatzeko asmoz. 9.000 sinadura inguru ere bildu zituzten herri galdeketa bat egin zezaten. Baina ez dute lortu. Gipuzkoako Foru aldundia izan zen jo zuten azken atea eta herri galdeketa egiteko eskariari ezezkoa eman ostean, errekurtso bat aurkeztu dute erabakia aztertzeko eskatuz.
Atsekabetuta eta haserretuta daude Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideak. “Agintariek hauteskundeetan aukeratua izatea nahikoa dela uste dute; hori da daukagun parte hartzeko modu bakarra”, azaldu du Belen Martinez Satorralaiako kideak. Salatu du hainbat lege egiten dituztela parte hartzea bultzatzeko baina gero beti jartzen dituztela oztopoak.
Udalak burla egiten dietela uste dute, izan ere, azaroaren 16an Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala egingo dute udalean: “Nola liteke Donostia demokraziaren munduko hiria izatea?”. Bat dator horretan Uliako Lore Baratzak-eko kidea ere: “Herri partaidetza Donostian bozka huts batean geratzen da”. Uliako mintegiak babesteko ere 4.000 sinadura bildu zituzten Change.org plataformaren bitartez: “Hiritarrak ez gara hiriaren inguruko erabakiak hartzeko gai”.
Kultur hiriburutza
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak ezinegona sortu du mugimenduen artean. Uste dute herri kulturak ez duela merezitako espaziorik eduki hiriburutzan; eta are gehiago, baztertua izan dela diote. Horren adibide bezala jarri dituzte Uliako Lore Baratzak. Uliako mintegien parkea suntsitu nahi dute 70 etxebizitza egin ahal izateko. Uliako auzo elkarteak ur mintegiak babesteko, Uliako Lore Baratzen proiektua abiarazi zuen 2014an. Bertan daude Donostiako lehen baratza komunitarioak eta hainbat jarduera ere egiten dituzte: besteak beste, natur hezkuntza lantzeko egitasmoak, kontzertuak eta jardunaldiak.
Kultur hiriburutza “zaratatsua” dela, baina “mami gutxi” duela uste du Rodriguezek: “Udalak ez du jakin Donostian gertatzen ari diren gatazka eta herri kulturen aldarrikapenak entzuten eta beste aldera begiratu du. Horren adibide gara gu”. Beste hainbat borroka ere aipatu ditu: Kortxoenea, zezenketen aurkako mugimendua eta auzoetako festa herrikoiak. Rodriguezek uste du Udalak ez duela asmatu herritarren hitza plazaratzen: “Hitz potolo asko esaten ditu udalak baina hitz horiek guk bihurtu ditugu errealitate Ulian”.
Albisteen manipulazioa
Komunikabideek sekulako garrantzia dute kontakizun bat sortzeko orduan, eta “Gipuzkoan indar handiena duen hedabideak albisteak manipulatzeak”, hainbat albo kalte dituela uste du Juanmi Galatas Erraustegiaren Aurkako koordinadorako kideak.
Erraustegiaren aurkako borroka, 2002. urte inguruan hasi zen. Gipuzkoako hainbat herritan egin zen erraustegia jartzeko ahalegina eta azkenean Zubietan egitea erabaki zuten. “Lan handia egin zen erraustegiaren aurka eta pentsatzen genuen ez zutela egingo, lasaitu egin ginen”, azaldu du Galatasek. Dena den, 2015an erraustegia behar zutela erabaki zuten EAJ, PSE eta PPk eta berriro ere eztabaida berpiztu zen: “Erraustegia egitea proposatutako herri bakoitzean sortu ziren erraustegiaren aurkako plataformak eta orduan denak erraustegiaren aurkako koordinakunde batean elkartu ginen”.
Birziklatze tasa behera doala, eta horrelako bilakaera jarraitzen badu errefusa asko gutxitu litzatekeela azaldu du; eta erraustegia izatea tarifa finko moduko bat izatearekin alderatzen du: “Berdina ordainduta, nahi beste zabor sortu ahal izango dugu”.
Komunikabideen aldetik denetarik dagoela aitortzen du; uste du hainbatek informazioa zuzena eta landua argitaratzen dutela eta beste batzuk, gutxienez, aipame batzuk egiten dituztela. Dena den, honela gaineratu du: “Komunikabide batzuk informazioa ez emateaz gain gezurra esaten dute”.
El Diario Vasco egunkariko hainbat adibide jarri ditu, azaltzeko, nola, esaterako, ez dien batere kasurik egin erraustegiaren aurka azaldu diren medikuei: “Gipuzkoar gehienek El Diaro Vasco irakurtzen dute eta hori kalean nabaritu egiten da. Kalean jendea El Diario Vascoko diskurtsoarekin entzuten duzu”.
Bestalde, aipatu du Ser irrati kateak, esaterako, ez zuela erraustegiaren alde hitz egingo zuen medikurik lortu; eta ildo berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia defendatuko zuen mediku bat Balear uharteetatik ekarri behar izan zuela azpimarratu du.
Periferia eta zentroa
Gaur egungo hiri ereduak dituen arazoen artean aipatu dute periferiari eta zentroari, bakoitzari bere funtzioa egozten zaiola: “Hirian, dendak, hotelak, ostalaritza, garraio sare egokia; periferian, berriz, industria, goi mailako etxebizitzak, garraio sare kaskarra”.
Periferian dago esterako Añorga. Industriagunea eta merkataritza zentro handien aukera zabaldu nahi dute Belartza 2 gunean, eta hainbat auzotar eta talde ekologista eremu hori babestu nahian lanean ari dira.
Mercadona eraikitzeko lanak modu irregularrean egiten ari direla salatu dute behin baino gehiagotan, eta lanak gelditzea ere lortu dute bi aldiz. Enrique Ramos hirigintza zinegotziak ere aitortu zuen eraikitze enpresa “harpa jotzen” ari zitzaiela. Baina kontuak kontu lanek aurrera jarraitzen dute. Dena den, Mikel Esnaola Belartza 2 gelditu mugimenduko kideak azaldu du euren borroka ez dela Mercadona egin nahi duten eremua, Belartza 2 eremua baizik, bertan materiala pilatzen ari dira eta horrek ingurumenean kalteak sortzen dituela aipatu du. “Hau guztia suntsitzera doaz poligono bat egiteko, non eta Donostian, ehundaka pabiloi huts dauden tokian. Zergatik? Zertarako? Hemendik batzuek dirua ateratzen dutelako”.
Auzoen artean desoreka bat dagoela uste du Esnaolak: “Zergatik desoreka hau? Donostia ez dago donostiarrentzat egina”.
Salatu du Añorgan ez daukatela anbulatoriorik edo ospitaletara joateko autobus zerbitzurik. Añorgan lantokiak soilik sortu dituztela uste du, gainerako hainbat lekutan bezala: “Esaten dute hiriko denda txikiak bultzatu behar direla baina gero periferian merkataritza zentroak eraikitzen dituzte”.
Espekulazioa
Hiria eraldatzen ari da; Uliako parkean 70 etxebizitza egin nahi dituzte, Belartzan poligonoa handitu nahi dute, lur azpitik joango den metro bat jarri nahi dute abian, erraustegi bat eraiki nahi dute Zubietan eta Mirakruz 19 eraikina eraitsi nahi dute luxuzko etxebizitzak egiteko. Guzti horren atzean “espekulazioa” dagoela salatu dute.
SOS Mirakruz mugimendua esaterako apirilean sortu zen Gros auzoko eraikina babesteko asmoz. “Arkitektura aldetik balio handia duen eraikin bat da eta sinadurak biltzen hasi ginen bizilagun batzuk eta hiriko beste zenbait pertsona”.
Josean Arrieta SOS Mirakruz 19ko kideak uste du ezkortasun handia dagoela: “Jendeak uste du ezin duela ezer egin eraikina bere horretan utz dezaten. Jendeak uste du ezin duela ezer egin udalaren aurrean”. Eta hori onartezina dela uste du Arrietak.
Dena den, aitortzen du beldurra dutela, izan ere, diru kantitate handiak daude jokoan: Eraikineko 26 pisu eta garajeko lau solairu daude salgai. Luxuzko etxebizitzak dira eta, beraz, prezio “ikaragarrietan” saldu nahi dituzte.
Eraikitze enpresek nahi dutena egiten dutela uste du Arrietak eta azaldu du udalak ez dituela Donostiako eraikinak eraikitze enpresetatik babesten. Adibide gisa Donostia eta Hendaia alderatu ditu: “Donostiak bederatzi eraikin babestu ditu, Hendaiak, berriz, ehundik gora”.