2017-01-21

Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu du Elizak, sexu abusuak egotzita

san-bizente-eliza

San Bizente eliza.

Mendizabal Donostiako Parte Zaharreko San Bizente parrokiako apaiz zenean gertatu ziren abusuak. EITBk zabaldu duenez, beste kasuren bat izan zitekeen ustearekin eta balizko biktimak salaketa jartzera adoretzeko erabaki dute bi gizonek gertatutakoa publiko egitea. Hori jakindakoan erabaki du gotzaindegiak ere salaketen berri ematea. Ohar baten bidez Eliza katolikoak jakinarazi du gertakariak “egiaztatu” ostean, errudun jo dutela Mendizabal eta “zuzenbide kanonikoan jasotako zigorrak” ezarri dizkiotela.

Salaketa aurkeztu duten bi gizonek euren oharrean azaldu dutenez, Elizako arduradunek hasieratik eman zieten auzitegietara jotzeko aukera, baina era berean zehaztu zieten bazela aukera auzia “elizbarrutian argitzeko”. Hala, “kasu bakanak” zirela pentsatuz eta auzia ahalik eta modu “diskretuenean” eramatearren, ez zuten epaitegietara jo. biktimek kontatu dute Xirimiri Gazte Taldea aisialdiko elkarteko kide zirela gertatu zirela abusuak. Elkarte horretako arduraduna zen Mendizabal.

Gotzaindegoaren arabera, bestalde, Mendizabal “damututa” agertu da egindakoagatik, eta uneotan “tratamentu psikologikoa” jasotzen ari da. Donostiako elizbarrutiak bere aldetik, elkartasuna adierazi die biktimei eta gertatutakoa errepika ez dadin lan egingo duela nabarmendu du.

Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak iazko martxoan izan zuen salaketen berri, eta handik hilabetera kargugabetu zuten Juan Kruz Mendizabal Kakux, ordura arte Gipuzkoako bikario nagusi zena. Gotzaindegiak zabaldu duen informazioaren arabera, 2001ean eta 2005ean orduan adingabe ziren bi mutili egindako “ukitze desegokiak” jasotzen dira salaketa horietan.

Auziaren berri jakin ostean, Fiskaltzak jakinarazi du bikario ohiaren auzia ikertzeari ekingo diola Fiskaltzak ere. Diligentziak abiatuko ditu, eta gero, ikerketan ikusitakoaren arabera erabakiko du haren kontrako salaketarik jarri edo ez.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*