Hiritar Merezimenduaren Dominak jantziko dituzte gaur saridunek
Ekitalde berezia izango da gaur Udaletxean. San Sebastian eguneko ohitura eten egingo da aurtengoan. Izan ere, Urrezko Danborrarik banatuko ez denez, urtarrilaren 19an banatzen ziren Hiritar Merezimenduaren Dominak gaur banatuko dituzte. Hala, Aspanogik, Kemenek, Uliako Gimnastikak, 1982an Jakintza ikastolan zeuden bosgarren mailako neskak eta Javier Hernaezek (Altzako parrokoa).
Bizipozaren eskutik, minbiziari aurre eginez
“Bidean aurrera egiteko indarra emango digu dominak”. Pozik mintzo da Bittor Andonegi, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteko (Aspanogi) presidentea. “Ez dira hitz hutsak. Sariak bultzada emango digu ikusgarritasun mailan; hots, gure betebeharrak betetzen lagunduko digu, gure errealitatea gizarteratzen, alegia”.
Orain dela 20 urte sortu zuten elkartea. Garai hartan, minbiziaren bisita gazia jaso zuten hiruzpalau familia elkartu ziren, eta guztien artean gaitzari aurre egiteko baliabideak abian jartzen hasi ziren: “Gizartean zegoen hutsune bat betetzeko jaio zen elkartea”. Izan ere, familia batek minbiziaren berria jasotzen duenean, oso momentu gogorra izaten da. “Saiatzen gara hasierako unetik senideen ondoan egoten, laguntza eskaintzen, informazioa eta aholkuak ematen. Une latzenetan berengandik hurbil egoten gara, besoa sorbalda gainean jartzen diogu familiari“.
Bi hamarraldi hauetan, hainbat jarduera egin dituzte, beti “ikuspuntu positiboa” landuz; hala nola, bisitak ospitalera, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoekin. “Kanpoko jendearen laguntzari esker, ekitaldiak antolatzen ditugu; orain, esaterako, ikastetxeetan ari gara hitzaldiak ematen”. Bizipozaren itzalean, 20 urte beteko dituzte 2018an, bi hamarraldi, hodei beltzen artean eguzki izpiak eskaintzen.
Ezina ekinez egina bihurtzen hasten denean
Taldearen izenak bat egiten du bazkideen izaerarekin. “Batzuek diotenez, guk barnean dugun indarra irudikatzen du hitzak, gauzak aurrera ateratzeko dugun indarra, hain zuzen ere”, azaldu du elkarteko presidente Fernando Mitxelenak.
1994an, lau kirolari elbarri elkartu ziren, gizartean ikusten zuten hutsune bat betetzeko helburuarekin: urritasunen bat duten kirolarien elkartea sortzea Gipuzkoan, euren zaletasunaz gozatzeko.
Erronka ez zen batere makala kirolarientzako. Hala, aurrean zituzten arazoei aurre egin eta esaerak ongi adierazten duen bezala, ezina ekinez egina bihurtu zuten. Horiek horrela, lehenengo kirolak egiten hasi ziren, besteak beste, eskia eta atletismoa; egun, eskaintza zabalagoa dute: “Kirola osasuna da. Elbarrientzako, jaiotzez edo egun batean izan zuten istripu batengatik bizitza guztiz aldatu zaienentzako, bizitza arrunt batetara bideratzeko modua da, bai asmoaren aldetik, baita integrazioaren aldetik ere“.
Kirola sustatzea ez da Kemen Elkartearen helburu bakarra. Aholkularitza, sentsibilizazio eta orientazio lanak ere egiten dituzte. Egun 120 bazkide ditu taldeak, eta 200 boluntario. Sariak euren lana jende gehiagorengana iristen lagunduko diela azpimarratu du: “Oso pozik gaude dominarekin, gure lanari aitortza egitea izan da”, nabarmendu du.
Mende bete kirola Donostian sustatzen
Ehun urte bete dituenean jantziko du Uliako Gimnastikak domina. “Oso pozik gaude sariarekin, gure
lanari egin dioten aitortza izan da”, dio irribarretsu elkarteko presidente Alberto Cifuentesek. “Dominak elkarteko boluntarioen lana indartzeko balioko du, zalantzarik gabe“.
Gogobiziz jaio zen elkartea duela 100 urte, eta indarsu bete du mendea, beti hasierako helburuei fidel. “Grosen zegoen auzo txiki hartan kirola eta jarduera sozialak sustatzeko premiari erantzuna emateko jaio zen, 1916 eta 1917 urteen artean. Garai hartan mugimendua zegoen hirian, eta bizilagunek bat egin zuten proiektua sustatzeko”.
Kirola izan du ardatz, jardueren artean atletismoa. Hala, elkartea sortu eta gutxira antolatu zuten Uliako Errege Eguneko lehenengo krosa: “Berez, 100 urte bete behar zituen lasterketak, baina hainbat urtetan, 1936ko Gerran esaterako, ez zen egin. Horregatik, aurtengo edizioak 87 urte bete ditu”.
Atletismoaren oinarriak hirian finkatzeagatik da ezaguna elkartea, baina hastapenetan ere pelota sustatzen zuten:?”Oso garrantzitsua izan zen, baina frontoiak Gros auzoan desagertu zirenean, kirolak indarra galdu zuen taldean”.
Pozez gogoratzen du presidenteak kirola sustatzeko egin duten lana: “Gipuzkoa osoko elkarteetatik jaso dugu babesa, oso pozik gaude gainerako elkarteengandik jaso dugun berotasunagatik”.