Bizitza bat Uliari emana

josetxo-mayor

Josetxo Mayor, 2006. urtean, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Raul Perez)

Bere kabuz eta bere eskuekin Uliako bideak sortu eta zaindu zituen Josetxo Mayorrek. Bidezidorrak garbitzea eta txukuntzea izan zuen pasio urte luzez. Ondare ederra utzi die Uliako ibiltariei betiko.

Bere heriotzak mendizale eta auzotar askorengan samina eragin du. Josetxo Mayor hil da 84 urterekin. Uliako bideak ireki, sortu eta zaindu zituen pertsonaia ezaguna da.

Uliako auzo elkarteko Maribi Iartzak pena handiz jaso du Josetxo Mayorren heriotzaren albistea: «Ulian paseoan ibiltzen garenok asko genuen Josetxo. Mendia berreskuratzeko egin duen lana erraldoia izan da, eta pertsona oso atsegina zen».

Jesus Mari Alquezar mendizaleak dio Mayorrek legatu bat utzi nahi zuela Donostian: «Berak hala sentitzen zuen, zerbait zor ziola Uliari, bere haurtzaroan ezagutu zuen eremuari». Uliara joan gabe eman zituen urte batzuk, eta itzuli zenean hura egoera oso txarrean zegoela ikusita, lanean hasi zen: «Lokatzez betetzen zen, bideak hondatuta zeuden, galtzada bat desagertuta zegoen… Pentsa, Uliara joateari utzi zion jendeak. Eta Josetxok erronkari heldu zion. Hutsetik hasi zen, lehendabizi dena garbitu zuen», jarraitu du Club Vasco de Campingeko lehendakari ohiak.

Bideak ireki eta eskailerak egin zituen jendea ez labaintzeko: «Euria egiten zuenean jendea erori egiten zen. Harriak bilatzen zituen eta horiekin eraikitzen zituen eskailerak. Kutrailako beheko aldean, Uliako harrobi zaharretik harriak hartu, eta aitzurra eta palarekin bideak txukuntzen hasi zen», azaldu du Alquezarrek.
Zemoria kalean jaio zen, baina ondoren Intxaurrondora joan zen bizitzera. Ulian ibili ohi diren Intxaurrondoko auzotar askok ezagutzen zuten Josetxo Mayor. Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen elkarteko Begoña Alzagak nabarmendu du berari esker daudela Uliako bideak dauden moduan: «Ordu asko eta asko sartu zituen. Ni urte luzez Ulian bizi izan nintzen, eta askotan egin izan dut topo berarekin. Sekulako lana egin zuen. Pentsa, elkartekoak urtean behin egiten dugu auzolana Uliako bideak garbitzeko; Josetxok egunero egiten zuen. Ederra da Ulian egin zituen txokoak begiratzea eta nola egin zituen imaginatzea. Talaia bidearen zati zagunaz gain, Kutraiatik Kainoietara doan bidea ere ireki zuen. Berak Ulia asko maitatzen zuen, eta guk ere asko maite genuen Josetxo», adierazi du hunkituta.

Egunero Uliara

Lanbidez garraiolaria izan zen Mayor, eta bere enpresa izandakoaren jantzia eta txanoa jantzi ohi zuen mendian barrena ibiltzeko. Hasieran asteburuetan edo jaiegunetan igotzen zen Uliara. 1986ko irailean, erretiroa hartuta, egunero igotzeari ekin zion.

Goizean goiz esnatu eta Intxaurrondotik abiatzen zen Uliara, oinez, errepide nagusitik.Bere kabuz eta bakarrik egiten zuen lan. «Udalak zerbait eman ziola esaten genion, eta azkenean udala berarekin jarri zen harremanetan. Erreminta batzuk eman zizkioten. Baina Josetxo oso umila zen. ‘Alkateak arazo asko ditu, ez molestatu Odoni’, esaten zigun. Ez zuen inork laguntzea nahi, eta ez zuen eragozpenik eragin nahi», ekarri du gogora Alquezarrek.
Aspaldiko Pirenaica aldizkariko zenbaki batean Uliari buruzko artikulu bat idazteko eskatu zieten Alquezarri eta Antxon Iturriza mendizaleari. Testu hartan  jarri zioten Josetxo Mayorri ‘Uliako bideen injeniaria’ izena: «Argazkian txakur baten aldamenean agertzen zen Josetxo. Realaren kamiseta txuri-urdina jarri zion txakurrari», gogoratu du irribarretsu.

1995ean Donostiako Udalaren Hiritzar Merezimenduaren Domina eskuratu zuen, eta orduan izan zuen bere lanak oihartzun handiena. Halere, ordurako Ulian ibiltzen ziren herritar askok ezagutzen zuten. Cristina Enea Fundazioak ere omendu zuen: 2014. urtean haren omenezko erakusketa txiki bat egin zuen, eta bideo batean jaso zituen haren memoriak.

Iñigo Leibar Uliako parkeko zaintzailearentzat ezinezkoa da Josetxok egindako lana deskribatzea: «Ikaragarria izan da egin duen lana. 30 urte dira hura ezagutu nuenetik»

Alquezarren ustez, Uliako historiaren parte da Josetxo, Maritxu Guller Uliako sorgina bezala: «Orain erronka da berak utzitakoa mantetzea eta gordetzea. Denborarekin hondatu daiteke, eta beharbada udalak gehiago zaindu beharko du. Egin egiten du jada, baina ez da gauza bera, noski. Gertatzen dena da Josetxo lur horien jabea zela nolabait. Ez ziren bere lurrak, eta ez zen bere lana lur horiek zaintzea, baina benetan sentitzen zuen hori zela bere lana. Ibilaldiak egiten ditugunean beti azaltzen dut nor den Josetxo».

[Elkarrizketa] “Uliako paisaian geratu da bere aztarna”, Ander Izagirre

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

  • Josetxo Mayor, bizitza bat Uliari emana – Uliako auzo-elkartea
    6 maiatza 2017 at 13:16 - Reply

    […] Bizitza bat Uliari emana (Irutxuloko Hitza, 2017-05-05)[…] Uliako auzo elkarteko Maribi Iartzak pena handiz jaso du Josetxo Mayorren heriotzaren albistea: «Ulian paseoan ibiltzen garenok asko genuen Josetxo. Mendia berreskuratzeko egin duen lana erraldoia izan da, eta pertsona oso atsegina zen».[…] […]

  • Send this to friend