Añorgako frontoi berritua inauguratuko dute
Aspalditik ari ziren frontoia berritzeko eskatzen Añorgan, hainbat hobekuntza egiteko. Azkenean, obra egin dute, eta datorren larunbatean inauguratuko dute frontoi berritua, egun osoko ospakizunarekin.
Zehazki, Donostia Kirolak eta Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2015eko maiatzean, pilotalekuaren berritze lanak egin ahal izateko.
Añorgako frontoia 1949an inauguratu zuten, eta aurretik, 1926an sortutakoa ordezkatu zuen. Pilotalekuaren berezitasun nagusia bere estalkia da, zuzena izan beharrean, onda forma baitu.
Saritutako frontoia
Eduardo Torroja Madrileko arkitektoak diseinatu zituen auzoko pilotalekua, baita bolatokia ere. 2013ko urrian, Iberiar Penintsulako arkitektura modernoaren ondare izendatu zituzten bi eraikinak, DOCOMOMO sariaren bidez. Sariak ez zekarren berarekin diru laguntzarik, baina auzoari bertan dituen arkitektura ondareen balioa jakinarazi zion. Plaka bat jarri zuten horren berri emanez, frontoiaren albo batean.
INAUGURAZIOA, EKAINAK 10
Egitaraua
- 9:00. Jose Manuel Iribar Txapelketaren final laurdenak.
- 11:30. Inaugurazio ekitaldia.
- 12:00. Emakumezkoen partida.
- 14:30. Herri bazkaria. Txartelak salgai daude Añorga KKE-ren bulegoan.
- 16:45. Gure Kabia abesbatzaren emanaldia.
- 17:15. Arkaitz Añorgako Dantzarien emanaldia.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 19:00. Barrene herrikoia.
- 20:30. Ogitartekoak.
- 23:00. Añorgako dj-ak.