Amaia Sexmilo: ‘Ilusioa’

amaia-sexmilo-donostia-arraun-lagunak-2Amaia Sexmilo, Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria.

Haizeak belaontzia mugitzen duen moduan mugitzen du ilusioak gure ontzia. Ilusiotik sortu ginen, eta ilusioak garamatza ametsak betetzeko bidera. Ilusioa da garena, ilusioagatik gara garena.

Hirugarren urtea, nork esango liguke? Hirugarren urtez itsasoratzera goaz Lugañene trainerua. Beste urtebetez erakutsi nahi dugu Donostian ere nesken kirolak baduela tokia, eta hirugarren urtez egongo gara Gipuzkoa, Bizkaia eta Kantabriako txoko busti guztietan barrena, Donostia hiria ahalik eta toki gorenean uzteko ahaleginak egiten… horra zer den gure Donostia!

Lehen urtetik hona, gauzak aldatuz joan dira gurean. Hasieran, neska gutxi ginen taldean eta gutako baten huts egiteak trainerua ez uretataratzea suposatzen zuen. Bestetik, taldearen zati handiena aurretik inoiz arraunean ibilita ez geunden neskek osatzen genuen, oso talde berria ginen.

Orain, aldiz, neska gehiago gara, taldea handitu da eta, taldea oraindik berria den arren, esperientzia gehiago dago ontzian eta hori nabari da bai uretan eta baita aldagelan ere, fisikoki eta, batez ere, psikologikoki.

Helburuak ere ez dira berdinak. Gipuzkoako Ligan paper txukun bat egitea zen helburua hasieran, orain, aldiz, helburua da Euskotren Ligan sartzea, Gipuzkoako Ligan ondo ibili eta Kontxako estropadan ohorezko txandan sartzea. Erraza dela? Badakigu ezetz. Badakigu beste traineruek ez digutela erraz utziko, eta gure helburuetara iristeko gure lana ondo egin behar dugula.

Asteburu honetan ikusi dugun moduan, arrauna momentu gazi gozoak eskaintzeko gai da asteburu bakar batean, eta momentu horiek guztiak modu egoki batean bideratzen jakitean dago gakoa. Ez da erraza izango, baina negu osoa eman dugu gogor entrenatzen, taldea indartsu dago, sinesten dugu gugan…eta hortara goaz!

Aldatu ez dena taldearen izaera izan da. Talde lana zaintzen duena, umiltasunetik borrokatzen duena, traineru honen inguruan lanean dihardugunok elkarrengan dugun konfiantza eta sinesmena eta, batez ere, ezerren truke, egunero lanean dauden pertsonek osatzen dutena. Talde txikia gara, baina handienekin lehiatzeko prest gaude. Burua hotz, bihotza bero.

Bat, bi, hiru, ARRAUN!

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend