«Deigarriak ez diren produktuei ez zaie jaramonik egiten»

Eddi eta Makoki, Hazten Hasten

hazten_hasten

Makoki eta Eddi, Hazten Hasten proiektuaren sortzaileak. (Argazkia: Hazten Hasten)

Artista hasiberriei laguntzeko doako argazkilaritza eta diseinu zerbitzua eskaintzeko sortu zuten Hazten Hasten proiektua. Ordutik, Eddik eta Makokik hainbat egitasmo babestu dituzte.

Hazten Hasten egitasmoak bi urte beteko ditu abenduan. Denbora honetan zer nolako harrera izan du?
Durangoko Azokan aurkeztu genuen duela ia bi urte. Musikari lagunen oihartzuna aprobetxatu genuen, eta ordutik, talde eta artista berri asko ezagutu ditugu. Harrera aldetik oso ona izan dela esango genuke. Bai lehen aldiz gurekin harremanetan jarri direnek adierazi digutenarengatik, bai artista ezagunagoek erakutsitako interesagatik. Gainera, jada ibilbidea egina duten musikari asko proiektuarekin konprometitu dira. Beraien abestiak erabiltzeko baimena eman digute, aurrerantzean egingo ditugun tutorialak apaintzeko.

Zenbat proiektu eta zeintzuk pasa dira zuen eskuetatik?
Proiektu guztiak desberdinak dira, eskaeraren arabera. Orain arte lau bukatu ditugu, eta beste batzuk erantzunaren zain daude. Gainera, une honetan beste lau proiektu lantzen ari gara. Orain artekoen artetik hiru dira aipagarriak: Laguntzane RestaurArt-entzat egindako logo eta aurkezpen txartelak.  Mug Mus Laborategia-rentzako egindako argazki saioak, eta  Atazal taldearentzako egindako logo, kartel eta diskorako diseinua.

Artista hasiberriei doako argazkilaritza eta diseinua eskaintzen diezue, ezta?
Hasieratik Lehen Proiektuen Bultzada leloa izan dugu Hazten Hasten proiektuarekin. Galdetu izan digute egiten dugunarekin bizitzea gustatuko litzaigukeen, baina argazkilaritza zein diseinu enpresa bat sortuko bagenu, ez litzateke Hazten Hasten deituko. Soziala da gure proiektua.

Dena edo ia dena ordaintzera ohitu garen gizartean, zergatik erabaki zenuten zerbitzua doan eskaintzea?

Guk biok betidanik egin ditugu doako lanak. Beste boluntario askok jai batzordeetan, gaztetxeetan edo Donostiako Piratetan lan egiten duten bezala, behar sozial batzuei erantzuteko sortu genuen Hazten Hasten proiektua. Garrantzia asko ematen diogu oinarri kulturari; eta kultura anitz sano bat lortu nahi badugu, horretan lagundu behar dugu.

Egungo gizartean artista batentzat ez da nahikoa talentua izatearekin. Sarri aurkezpen bisual deigarri bat behar izaten du sare sozial, disko eta kartelentzako. Konturatu ginen hasiberriak zirela bereziki, inpaktu bisual hau gutxien lantzen zutenak edo ez zutela nola landu. Behar horien aurrean zerbait egin genezakeela ikusi genuen.

Horrelako zerbitzuak diruz saritu behar direla pentsatzen duten diseinatzaileak daude.
Edozein lan ordainduta egon behar du. Guk gure lanbideak ditugu, eta horiei esker bizi gara. Baina artista hasiberriak gutxi edo ezer gabe hasten dira normalean, eta ez dute argazkilari edo diseinatzaile profesional batengana jotzen. Beti dago lagun edo senideren bat argazki kamera batekin edo Photoshop-ean pixka bat ibiltzen dakiena. Batzuetan balio dezake, baina sarri ez da lehen aipaturiko inpaktu bisual hori lortzen.

Deigarriak ez diren produktuei ez zaie jaramonik egiten. Goi-mailako artistek izan ditzaketen harreman edo baliabideen aurrean, ezer gutxi lor dezakete hasiberriek. Horregatik eskaintzen diegu laguntza lehen proiektuei. Gure ustez, arte munduan murgildu ahala harreman eta baliabide gehiago izango dituzte.

Proiektua bizirik mantentzeko nolabaiteko diru sarrerarik duzue?

Ez. Kultura munduan eraldaketa soziala bultzatzeko lan egiteagatik, diru laguntzaren batetara aurkeztea eskaini ziguten. Baina gaur egun ez dugu inongo diru-sarrerarik jasotzen proiektua aurrera eramateko. Agian aurrerago berriz aztertuko dugu aukera. Gure denbora librean egiten dugun zerbait da. Modu berean aritzen diren marrazkilari, argazkilari eta artistak daude. Nolanahi ere, gure denbora librean egiten dugun horri, helburu bat eman diogu. Horrek motibazio berezia ematen dio gure denbora-pasari.

Zein da Hazten Hasten egitasmoaren egungo egoera?
Poliki doan arren, gero eta errekonozimendu handiagoa duela esango genuke. Egiten dugun horretan sinesten dugu, eta pozik gaude lortu dugunarekin. Oso asegarria iruditzen zaigu beste artista batzuen sorkuntza lanetan parte hartzea.

Egitasmoa egokitu edo berritzeko asmorik duzue?

Horrela da, bai. Artisten lehen proiektuetan laguntzeaz gain, argazkilari eta diseinatzaile berriei ere lagundu ahal geniela ikusi genuen. Youtube erabiltzeko asmoa dugu. Batetik, guk egindako lanen prozesua erakusteko, eta bestetik euskara hutsean tutorial batzuk eskaintzeko.

Donostian ez dira artistak falta. Ordea, zuen ustez irudia behar beste zaintzen dute?
Egia da Donostian harrobi ona dagoela, eta harrobi horren barruan, badira azken detailera arte estetika zaintzen dutenak, edo gehiegizko garrantzirik ematen ez dietenak. Gure ustez irudia zaintzea oso garrantzitsua da.

Marketinaren aroan bizi garenez, zenbateko garrantzia du artista batek bere irudian denbora eta dirua inbertitzeak?

Tristea da gaur egun irudiak duen garrantzia. Izan ere, itxura ona izateak ez du zertan talentuarekin bat egin behar. Baina egia da egunerokotasunean jasaten dugun irudi bonbardaketaren konpetentzia honetan, hartzaileak eskaintzen dugun informazioa ahalik eta lasterren jaso behar duela.  Adibidez, logotipo batek artista bakoitzaren estiloari buruzko zerbait transmititu behar du. Modu horretan, bere publiko potentzialera ahal bezain azkarren gerturatzeko balio izango dio. Diseinu erakargarri batek kaleko jendea geldiarazi dezake, eta estetika jakin batek, beste sortzaileengandik bereizi zaitzake. Azken batean, argi dagoena da marketinean denbora eta diru pixka bat inbertitzea garrantzitsua dela bere proiektua ezagutzera eman nahi duenarentzat.

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

  • Hitza-n elkarrizketa – haztenhasten
    19 azaroa 2017 at 19:55 - Reply

    […] Irutxuloko Hitzan elkarrizketa […]

  • Send this to friend