Parrandarako egunak iristear dira Añorgan! Jaiak hasiko dituzte larunbatean, Zementonen jaitsierarekin batera, eta zertaz gozatu izango dute uztailaren 16ko Karmen eguna iritsi arte: musika, dantza, jolasak, bazkariak...
Añorgako jai batzordeko kideak, Txurrutene txosnaren inguruan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Txikituta eta modu txarrean zegoen Añorgako jaietako txosna. Baserri baten tankera eman diote auzolanean, eta izena ere jarri diote: Txurrutene. Jaietarako prest dute beraz baserria, baita gainontzeko guztia ere. Jai batzordeko Iñaki Gartziandia eta Ane Urkiak xehetasunen berri eman digute. Larunbatean emango diete jaiei hasiera ofiziala, 19:00etan, Zementonen jaitsiera eta banderen igoerarekin. Horrela, festa giroan murgilduko dira, uztailaren 16ko Karmen eguna arte.
Orain arte hiru txosna jarri izan dituzte jaietan, eta aurten bi bakarrik jarriko dituzte, baina ederki landutakoak. «Duela urte batzuk pasa ziguten txosna, Zarauzko batzuek. Azken urteetan nahiko gaizki zegoen eta erabaki genuen berritzea, fundamentuz jartzeko». Elkartean kartel bat jarri zuten, jendearen ideiak jasotzeko, eta hor jaso zuten baserria egitearen proposamena: «Añorgan baserri asko ditugu eta forma hori eman diogu txosnari ere. Hilabete daramagu margotzen, koadroak ere erosi ditugu eta lasto fardoak jarri dizkiogu kanpoan».
Batzordeko kideek diotenez, aurtengo kontzertuak ez dira goi mailakoak, baina ongi moldatu dira, aurrekontu xumearekin: «Badakigu Añorgako eta inguruko herrietakoak mugituko direla, eta eguraldi ona egiten badu plazan egingo ditugu, bi txosnen artean, frontoian egin beharrean».
Kaxen jolasa, lehen aldiz
Kaxen jolasa egingo dute lehenego aldiz jaietan, eta gogotsu daude: «Gazte Martxatik atera genuen ideia. Interesgarria iruditu zitzaigun eta Añorgan egin behar genuela erabaki genuen. Gainera, frontoi berrituak horretarako aukera ematen digu», dio Gartziandiak. Kontua da kaxak banan bana bata bestearen gainean jartzea, ahalik eta dorrerik luzeena osatuz, eta haien gainean zutik mantentzea. «Hasieran teknika da gehiago, kaxek mantentzen zaituzte. Geroz eta gorago joan oreka kontua da».
Larunbatean, Erokomeri taldearen kontzertuaren atsedenaldian, helduen kaxen jolasa egingo dute. Haurrek uztailaren 13an egingo dute jolasa, arratsaldez, eskalada ikastaroarekin batera.
Denetarik izango dute jaietan gainontzean. Igandean, Erretiratuen Eguna ospatuko dute, eta bazkaltzeko elkartuko dira. Arratsaldean, Arkaitz dantza taldeak emanaldia eskainiko du, 17:00etan; ondoren, 19:00etan. bertso saioa egongo da, frontoian.
Hiru eguneko atsedenaldiaren ostean, ostegunean helduko diete berriro jaiei, uztailaren 13an. Hain zuzen, egun horretan, sardina jatea eta sagardo dastaketa egingo dituzte, 19:30ean. Egun indartsuak izango dituzte hurrengo hiruak, egunez eta gauez parrandan ibiltzeko modukoak. Uztailaren 14an, Nebulosa eta Fan & Go taldeak ariko dira zuzenean, eta, hurrengo egunean, Balerdi Balerdi, Rock and Brum, eta Dj Jo ta Txo.