Ohiko ibilaldi turistikoetatik harago, ‘Oh My Walk!’ enpresak Donostia ezagutzeko beste modu bat eskaintzen du, kultura eta gai desberdinak hizpide hartuta.
Leonor de Landia, ‘Oh My Walk!’ ibilaldien sortzailea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Leonor de Landia Igeldokoa da, baina hamabost urte inguru eman ditu atzerrian. Kanpoan ezagutu izan dituen lagunei beti erakutsi edo hitz egin die pasioz Donostiari buruz. Duela urte batzuk itzuli zen hirira, eta
Oh My Walk! izeneko enpresa sortzea erabaki zuen iaz: «Ezagun eta lagun asko ekarri izan ditut Donostiara, eta betiko topikoak erabiltzen nituen hiriaren historia azaltzeko. Baina, une batean, konturatu nintzen neroni aspertzen ari nintzela».
Hori dela eta, Donostiarekin zerikusia duten bitxikeriak bilatzen eta biltzen hasi zen: «Lagunei asko gustatu zitzaien, eta hori profesionalizatu nezakeela esan zidaten. Azkenean, animatu eta ibilaldi tematiko kulturalak egiten hasi nintzen; ohiko ibilaldietatik harago».
Kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko, Donostiako historian adituak direnen laguntza izan du De Landiak: «Beharrezkoa zen ezagutza, dokumentazioa, eta horregatik sortu nuen kolaboratzaile talde bat. Historiako liburuak hor daude, baina nik bitxikeriak, kondairak eta horrelakoak ere batu nahi nituen».
Kolaboratzaile guztiak sareetan erreferenteak direla esan du Igeldokoak, «bere kasa ikerketak egiten dituztenak aspalditik». Lehenengo,
DonoSStiaoculta-ko arduradunekin jarri zen harremanetan: «Beraiekin argazkietako bitxikeriak landu ditut; esaterako, plaka desberdinak nondik datozen ezagutu dut». Ondoren,
Donostiando-ko Ion Urrestarazurekin hitz egin zuen: «Dokumentalista oso ona da, ezagutza handia du hiriari buruz. Berarekin ibilaldien funtsa sortu dut».
Argazki zaharrak
Jose Maria Leclercqek
Comedurasdetarro blogean idazten du, eta, De Landiaren arabera, XIX. mendea oso ongi ezagutzen du. Azkenik, balio handia eman nahi izan die irudiei; horregatik jarri zen harremanetan Mariona Tellarekin. Bera da
San Sebastian Desaparecida Facebook orrialdearen sortzailea. Bertan, hiriko argazki zahar ugari biltzen ditu.
Behin lan taldea osatuta, hasi ziren ibilaldiak sortzen. Lehenengoa, Donostia Ezezaguna izan zen. Hiriko oroitzapen ahaztuak, sekretuak eta berezitasunak bilatzen dituen ibilaldi bat da: suteak, izurritea, Nazien bisitak… «Harrera oso ona izan du; testuinguru historikoa aintzat hartuta, inoiz erreparatu ez ditugun gauzak lantzen ditugu», nabarmendu du De Landiak.
Donostia Ezezaguna urte osoan zehar dago eskuragarri, baina besteak urtaroekin aldatzen joaten dira. Orain, sortu duten azkena eskaintzen ari dira: Belle Epoque. 1813an gertatutako sarraskitik berpiztutako hiria gertutik ezagutuko dute animatzen direnek: «Kasinoa, Maria Kristina erregina… ez nuen berriro betikoa kontatu nahi. Horregatik, argazkien laguntzarekin, aldaketen garai oparo eta dibertigarrira bidaiatzen dugu. Donostiarrek, herri xeheak, nola bizi izan zituzten aldaketa horiek guztiak? Bat-batean itsasoko lana alde batera utzi eta turismoa sartzen da hirian. Gainera, aurretik, harresi baten barruan bizi ziren, eta denbora gutxian hiria zabaldu egiten da, kanpoko jendea etortzen da, tradizioak aldatzen dira, parkeak daude, kasinoa, bainuetxea…».
Urria inguruan, gaia aldatzen du
Oh My Walk!-ek. Zehazki, Donostia Beltza izeneko ibilaldia eskaintzen du. Hiru horietaz gain, ibilaldiak sortzen joan diren heinean, beste ideia batzuk ere bururatu zaizkie: «Etengabe Donostia ezagutzea da gure helburua, eta asmoa dugu bestelako ibilaldiak egiteko: Marinel Herria, emakumeei buruzkoa, belikoa, tradizioen ingurukoa, auzoetara ere zabaldu nahi dugu… Donostiak askorako ematen du».
Gehienak, Donostiakoak
Publikoari dagokionez, denetarik dagoela esan du De Landiak: «Turista hitza, egun, gutxiestuta dago, baina kalitatezko turistak oraindik badaude, benetako interesa eduki eta hiria zaintzen dutenak. Horiek animatzen dira gure ibilaldietara, baina baita hemengo jendea ere. Izan ere, %90 baino gehiago Donostia edo Gipuzkoakoak dira: ezagutza handia izan eta baieztatu nahi dutenak, gehiago jakin nahi dutenak, kultur jarduera gisa hartzen dutenak edo bisitariren batekin batera etortzen direnak».
De Landiak honela deskribatu du esperientzia: «Jendeak aterki eta mikrofono batekin lotzen ditu ibilaldiak, baina hau desberdina da. Lan talde bat eratu dugu, eduki landu bat eskaintzeko eta hiria beste modu batera ezagutzeko. Donostia oso ederra da, baina guk ez dugu itxura aurkezten, bihotz bat dauka eta hori denborarekin moldatzen joan da».
Ibilaldi guztiak ordu eta erdikoak dira. Talde txikietan egiten dituzte, eta Ijentea kaletik irteten dira (udaletxeko atzeko sarreran). Ordutegiak dauden arren, malgutasuna eskaintzen dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, 647 84 84 99 telefonora deitu edo WhatsApp bat bidali,
Ohmywalk.com webgunean sartu edo
info@ohmywalk.com posta elektronikora idatzi daiteke.