Liburuak berrerabiltzeko ohitura sustatzeko, liburutegi mugikor bat sortu dute: Book Box. Hirian gehiago egoteko, ‘crowdfunding’ kanpaina bat abian jarri dute.
Jorge Pineda eta Markel Elizalde, Book Box proiektuaren sortzaileak, liburutegi mugikorrarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Book Box herritarrentzako liburutegi mugikor bat da. Bertan, erabilitako liburu, aldizkari, komiki eta fanzineak topatu daitezke, eta herritarrek beraiek elikatzen dute. Helburu nagusia da liburuak berrerabiltzeko kultura sustatzea, irakurketa bultzatuz eta partekatzea indartuz. Egun, horrelako bi daude hirian: bata, Intxaurrondo kultur etxean; eta, bestea, ibiltaria da, leku batetik bestera mugitzen dena.
Intxaurrondoko Markel Elizalde eta Gasteizko Jorge Pinedari bururatu zitzaien ideia. «Hirikilabsek ikastaro bat antolatu zuen altzariak sortzeko, eta bertan ezagutu genuen elkar», azaldu du Pinedak. Ikastaro hori amaituta, hiru hilabetera, deitu egin zieten berriro Hirikilabsekoek, eta aukera eman zieten altzari gehiago diseinatu eta sortzen jarraitzeko.
«Ideia asko genituen buruan, baina, azkenean, erabaki genuen zerbait praktikoa egitea eta proiektu bat edukitzea oinarrian», nabarmendu du Elizaldek. Bada, hala hasi ziren eraikitzen liburutegi mugikorra, hiru premisekin: ibiltaria izatea, ahalik eta liburu gehien sartzea eta egurrezkoa izatea.
Hirikilabsen dauden tresna eta materialekin sortu zuten lehenengo prototipoa, 2015eko abenduan. Amaitzear zutela, Donostia 2016ko diru laguntza bati esker, bigarren altzari bat egin ahal izan zuten. Horrela, 2016ko abendurako, bi Book Box prest zituzten.
Intxaurrondoko kultur etxean dagoenak arrakasta duela dio Pinedak: «Egunero irekita dago eta kultur etxea ez ezik, igerileku bat ere badago. Beraz, auzotar ugari pasatzen dira bertatik».
Sortzaileek argi utzi nahi izan dute erabiltzaileen protagonismoa: «Herritarrak ezinbesteko elementu aktiboak dira proiektuan, haiek baitira liburuak utzi eta berrerabiltzen dituztenak. Jendeak pentsa dezake liburuak mailegatzeko tresna bat dela, baina ez da hala. Doakoa da, eta pertsona batek libreki hartu ditzake nahi dituen liburu guztiak. Baina, nolabait, kontzientzia sortu nahi dugu, bueltan zerbait eman dezan. Adibidez, etxean ahaztuta duen libururen bat ekar dezake, beste norbaitek irakur dezan; ez du zertan hartu duena itzuli behar, edo itzuli dezake hemendik urtebetera». Liburu bat itzuli edo eraman nahi duenak, Book Boxeko Facebook orrialdean (
@bookboxdonostia) aurkitu dezake informazioa, eta jakin non dagoen uneoro.
Horretaz gain, aukera baliatu dute kultura ekitaldi txikiak antolatzeko. «Liburuen aurkezpenak, zuzeneko irakurketak, kontzertuak, solasaldiak… Horietan gonbidatzen ditugu diziplina ezberdinetako artista eta sortzaileak; azken batean, eurek ezagutzera emateko plataforma moduko bat da», esan du Elizaldek.
Proiektuan emandako denbora nolabait berreskuratzeko, urte hasieran Book Boxa erakunde publiko (kultur etxeak, liburutegiak, ospitaleak…) eta enpresa pribatuei (ostalaritza, bereziki) eskaintzen hasi ziren. «Jendeari gustatu zitzaion, baina nahiko garestia da eta proiektua gehiago ezagutaraztea behar genuen», gogoratu du Pinedak. Horregatik, Book Box gehiago sortzea erabaki zuten.
Ekarpenak egiteko aukera
Horretarako, Goteo-k eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako crowfunding kanpainan izena eman zuten. Hautatu zituzten, eta atzo hasi zuten dirua lortzeko bidea. 40 egun dituzte gutxieneko kopurua lortzeko: 4.500 eurorekin altzari berri bat egin, wegune bat sortu eta parte hartzen dutenentzako sariak prestatuko lituzkete.
Hori lortuz gero, erronka handiago bat izango lukete: 9.600 euro eskuratzea. Hala, bizpahiru altzari, webgunea eta opariak ordaindu ahal izango lituzkete. Bere ekarpena egin nahi duen orok
Goteo.cc/bookboxeu webgunean sartu behar da. Euro bakoitzeko, aldundiak beste hainbeste emango lioke proiektuari.
Parte hartzen dutenei, bestalde, galdetuko diete non gustatuko litzaiekeen Book Box berriak ikustea. «Ea lortzen dugun proiektua auzo guztietara zabaltzea!», amaitu du Pinedak.