Turismoak eman du zer esana
Ahoz aho ibili da turismoaren gaia 2017an. Eredua zalantzan jarri dute hainbat eragilek eta bizilagunek; udalak, aldiz, turismo eredua “neurrikoa eta eredugarria” dela uste du.
Komunikabideetan, autobusetan, tabernetan, etxean, udalean, dendan, leku guztietan izan da aurten hizketagai turismoa. Saturazioaz hitz egin dute batzuek, neurrikotasunaz eta moderazioaz besteek. Zalantzarik gabe turismoa izan da aurten hirian protagonista nagusietako bat, eta horrekin batera turismoak sortu dituen ondorioak.
Datuei erreparatuta ez da hazkunde nabarmenik egon. Eustat, Euskal Estatistika Erakundearen arabera azarora arteko datuei erreparatuta %2,77 egin du gora turista kopuruak iazko urtearekin alderatuta. Abuztuan etorri da jende gehien – 156.240 pertsona– eta gehienak Madrildik.
Momentuz datuek hazkunde nabarmenik erakutsi ez badute ere, tabernetan eta saltokietan jende asko ibili dela azaldu dute merkatariek; eta bizilagun askoren sentsazioa ere hori izan da: saturazioa. Batez ere, turismoaren ondorioak gehien igarri dituzten auzoetan, Parte Zaharra, Erdialdea eta Gros, kasurako.
Bulebarra jendez gainezka ikusi dugu abuztuko egunetan, eta horrek inguruko dendak eta tabernak jendez betetzea ekarri badu ere, bizilagunen hainbat kexa ere eragin ditu. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak uste du egoera hau ez dela egun batetik bestera sortu, baina aurrez neurri egokiak hartu ez izanak gaur egun «alerta egoeran» egotea ekarri duela.
Turismoak bere alde onak eta neurtu beharreko ondorioak dituela dio, berriz, Eneko Goia alkateak: “Gure hiriak azken mendean barru-barruan du turismoa hiriaren izaera, eta horren garrantzia zein den badakite inplikatutako eragile guztiek”. Horregatik uste du gakoa plangintzan sakontzea dela
20 hotel inguru gehiago egin nahi dituzte datozen urteetan
Turismo ereduaren aurka hainbat mobilizazio egin dituzte hirian
Auzoan bizitzeko zailtasunak


