Auzoan bizitzeko zailtasunak
Ahoz aho ibili da turismoaren gaia 2017an. Eredua zalantzan jarri dute hainbat eragilek eta bizilagunek; udalak, aldiz, turismo eredua “neurrikoa eta eredugarria” dela uste du.
Komunikabideetan, autobusetan, tabernetan, etxean, udalean, dendan, leku guztietan izan da aurten hizketagai turismoa. Saturazioaz hitz egin dute batzuek, neurrikotasunaz eta moderazioaz besteek. Zalantzarik gabe turismoa izan da aurten hirian protagonista nagusietako bat, eta horrekin batera turismoak sortu dituen ondorioak.
Datuei erreparatuta ez da hazkunde nabarmenik egon. Eustat, Euskal Estatistika Erakundearen arabera azarora arteko datuei erreparatuta %2,77 egin du gora turista kopuruak iazko urtearekin alderatuta. Abuztuan etorri da jende gehien – 156.240 pertsona– eta gehienak Madrildik.
Etxebizitzaren arazoa
Hiria garestitu du turismoak. 2016an %17 egin zuen gora alokairuak;?turismo gehien duten auzoetako tabernetako eta saltokietako prezioek gora egin dute; eta bizilagun askorentzat beraien auzoan bizitzea sostengaezina bihurtu da. Hala azaldu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Hiriko alokairuen mapak bilakaera nabaria izan du azken urtean. Zifra ziurrik ez dagoen arren, hirian guztira 2.000 pisu turistiko daudela azaldu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Horietatik 1.219 ageri dira Airbnb-n, etxebizitza pribatuak alokatzeko orrialdean. Hirikilabs laborategi herritarrak egindako Efecto Airbnb ikerketaren arabera, webgune horretan aurkitzen diren Donostiako 1.219 iragarkietatik %13k bakarrik dute lizentzia. Gainera, ikerketa horren arabera Euskal Autonomi Erkidegoan pisu turistiko gehien biltzen dituzten lehen hiru auzoak Donostiakoak dira: Parte Zaharra, Gros eta Antigua.
Honek ezinbestean eragin du “ezinegona” donostiarren artean; eta bereziki auzo kaltetuenetan bizi direnen artean.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak uztailean salatu zuen auzoan dauden pisu turistikoen %84 ilegala dela: “Auzoan 275 pisu turistikoetatik 45ek (%16) bakarrik betetzen dituzte araudiak markatzen dituen bi puntu nagusiak; Eusko Jaurlaritzaren erregistroan izena emanda egotea eta lehen pisu batean kokaturik egotea”. Egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu zioten udalari eta halaxe egin du.
Goiak dio ez dela erraza halako arazoei aurre egitea: “Prezio igoera, etxebizitza garestitzea, arazoetako batzuk dira, eta horrek kezkatzen nau. Horretan eragitea nola nahi ere ez da erraza eta botere publikook gure mugak dauzkagu”.
Udalak pisu turistikoen ordenantza berri aurkeztu zuen irailean, eta urtarrilean abiatu nahi dute. Ordenantzak bi modalitate arautzen ditu: erabilera turistikoko etxebizitzak eta alokairu turistikora bideratutako ohiko etxebizitzak.
Etxebizitza turistikoak arautzeko Donostia hiru gunetan bereizi dute –A, B eta C–, eta bakoitzean erregulazioa desberdina izango da.
A eremua Parte Zaharrari eta Portuari dagokio. Bertan ezin izango da etxebizitza turistiko berririk ezarri, eta ezin izango dira gelak erabilera turistikorako alokatu, jende askoko eremu izendatu dute. Baimena duten pisu turistikoek, ordea, jardunean segitu ahal izango dute.
B eremuak Gros, Amara –Pio XII.a arte–, Frantzia pasealekua eta Egiako eta Antiguako zati bat hartuko ditu. Eraikineko etxebizitza turistiko bakarra onartuko dute, lehen solairuko legea betez. Ezin izango da etxe turistikorik egon aurreneko solairutik gora, salbuespen batekin: lehen solairutik gorako etxe batek erabilera turistikoa izan dezake, azpian erabilera tertziarioko etxebizitza bat –denda bat, hortz klinika bat, bulego bat– baldin badu. Bestalde, azaldu dute 7 solairuko etxebizitzetan (behe solairua + 6) duten eraikinen goiko solairuetan etxebizitza bakar bat erabiltzea baimenduko dutela; eta, handik gorako sei solairu multzo bakoitzeko posible izango da etxebizitza turistiko bat gehiago jartzea (solairu gehigarri horietako edozeinetan).
C eremua, azkenik, hiriaren gainontzeko zatiarena izango da. Eraikinaren garaiera eta azaleraren arabera onartuko dira pisu turistikoak. Hau da, malgutasun handiagoa izango dute. Behe solairuetan eta lehen solairuetan baimenduko da eta handik gorakoetan ere bai, baldin eta azpian ez badago bizitegi erabilerarik aurreikusita. Bestalde, bi etxebizitza turistiko baimenduko dituzte gutxienez 7 solairu dituzten eraikinen goiko solairuetan, eta handik gora sei solairu multzoko bi etxebizitza turistiko. Egoera horiek baimentzeko baldintza honakoa izango da: erabileraren azalera ez izatea 350 metro koadrotik gorakoa eraikin osoan eta 250 metro erabilgarrien muga ez gainditzea.
Turismoak eman du zer esana
20 hotel inguru gehiago egin nahi dituzte datozen urteetan
Turismo ereduaren aurka hainbat mobilizazio egin dituzte hirian


