Andoni Garcia, Ane Bastida, Iker Lauroba eta Antxon Sarasua musikariak, Igarako entsegu lokalean. (I. Esnaola)
Lauroba taldeak azken kontzertua emango du bihar, Antiguako Doka antzokian. Ibilbide osoko kantuak joko dituzte, eta taldekide ohiek parte hartuko dute.
«Milaka gero arte ditut, baina ezin esan agur…», dio Lauroba talde donostiarrak grabatu duen azken abestian. Hamalau urte luzeko ibilbideari bukaera ematear daude. Azken kontzertua eskainiko dute bihar, Doka antzokian (20:00). Ilusioarekin eta penarekin prestatu dute emanaldi berezia entsegu lokalean. Disko guztietako abestiekin osatu dute errepertorioa, eta taldetik pasako musikari desberdinek parte hartuko dute kontzertuan.
Ez da momentuko erabakia izan: «Azken sei hilabeteetan ez dugu kontzerturik eman. Baldintza duinetan kontzertuak eskaintzeko egoera zaildu denez, uztea da onena», azaldu du Iker Lauroba taldeko abeslari eta gitarrak. Agurraren arrazoiak emateko beharra sentitu dute. «Zaila da kontzertuen zirkuituan sartzea. Kafe Antzokia ez genuke beteko, baina aukerarik ez baduzu herrietako jaietan jotzeko, jendeak ez zaitu ezagutuko».
Duela bi urte atera zuten
IV laugarren eta azken diskoa. «Aurreikuspen onak genituen. Uste genuen zerbait berezia atera genuela, desberdina euskal musikan. Ordea, bira antolatzea asko kostatu zitzaigun», esan du Laurobak. Indarrik gabe geratu direla gaineratu du Andoni Garcia gitarrak: «Azken lanarekin egoera zein den ikusi dugu. Beste lan bat ateratzeak ez du zentzurik». Tristura ezin du ezkutatu Ane Bastida baxu jotzaileak. «Sekulako pena ematen dit, baina ikusten genuen bukaera bazetorrela».
Bi anaia
Iker eta Haritz Lauroba anaiek sortu zuten Lauroba pop-rock taldea 2004an. «Utikan utzi nuenean, Hamaika Bide izeneko talde batekin hasi nintzen urtebete iraun zuena. Ondoren, Haritz anaiarekin entsegu lokalean batu nintzen. Abesti asko nituen, eta pixkanaka lantzen joan ginen», gogoratu du Laurobak. Bien artean hasitako abentura garrantzitsua izan da berarentzako. «Zerotik orain naizen musikari izatera lagundu didan taldea da; nire bizitzaren heren bat».
Ordutik lau disko eta lan labur bat argitaratu dituzte. Horiek osatu eta zuzenean eskaintzeko bidaide ugari izan dituzte Lauroba anaiek, urte hauetan guztietan.
Gauari gauarekin (Gor, 2008) eta
…Egunarekin (Gor, 2010) lehen bi diskoak Alain Urkola gitarrarekin eta Borja Fernandez baxuarekin argitaratu zituzten. «Musikalki asko eman diote taldeari Alainek eta Borjak», azpimarratu du Laurobak.
Urkolak
Iglu bat basamortuan (Oihuka, 2012) hirugarren lanean ere parte hartu zuen, eta Ane Bastida baxuaren zein Iñaki Ortego teklatuarekin aurrenekoa izan zen. «Iñakik bultzada ikaragarria eman zion taldeari. Gero, Alemaniara joan behar izan zuen lan egitera, eta Iñigo Asensiok lehenik eta Antxon Sarasuak ondoren bete dute bere hutsunea», esan du Laurobak. Andoni Garcia gitarrarekin
Bidea (Oihuka, 2014) lan laburra eta
IV (Autoekoizpena, 2016) laugarren diskoa. «Gitarra nik baino hobeto jotzen du, eta bizitasuna eman dio taldeari».
Pop-rock kantutegi zabala osatu du Lauroba taldeak urte hauetan guztietan. Umorea, ironia eta kontu serioak uztartu dituzte abestien letretan. Ibilbideari erreferentzia eginez, Agur izeneko azken kantua grabatu dute Mutrikuko AME estudioetan. «Oso harro geratu gara emaitzarekin», azaldu du Laurobak. «Grabatzerakoan pentsatu genuen beste zazpi-zortzi kanturekin disko polita osatuko genukeela».
Penarekin bada ere, gozatu egin dute kantua grabatzen. «Koroak sartu nahi nituela esan nion Ikerri, lotsagatik ordura arte ausartu ez naizelako. Baina egin dut, eta asko gozatu dute», esan du Bastidak. «Grabatzerakoan denak kontziente ginen azkena zela, eta dena eman dugu», gaineratu du Garciak.
Emanaldi berezia
Ohikoa baino kontzertu luzeagoa eskainiko du Lauroba taldeak Doka antzokian. «Kontzertu berezia izango da; garai desberdinetako kantuak joko ditugu», aurreratu du Bastidak. Horrekin batera, gonbidatu bereziak izango dituzte kontzertuan. Esaterako, Alain?Urkola eta Iñaki Ortegak kontzertuan parte hartuko dute. «Iñaki?Alemaniatik etorriko da bereziki kontzertuan parte hartzera».
Oso pozik daude jendearen eta jarraitzaileen partetik jaso dituzten mezuengatik. «Askoren babesa sentitu dugu, eta eskertzekoa da. Larunbatekoa benetan hunkigarria izango da», nabarmendu du Laurobak.