Realeko Manuela Lareo gasteiztarra, Valentziaren aurkako partidan. (Argazkia: Reala)
Realak Athleticen aurkako derbia jokatuko du igande arratsaldean; asteko albistea izan da emakume txuri-urdinek aukera izatea Anoeta estadioan jokatzeko norgehiagoka,
ez baita batere ohikoa.
Realak Anoetan jokatzen du bi asteburutik behin normalean. Batzuetan, astean zehar ere pizten dira estadioko argiak, tartean izaten baitira ligako, Kopako edo Europako norgehiagokak. Hori dena, noski, gizonen taldeari dagokionez. Emakumeen taldea ere lehen mailan dabil aspaldiko urteetan, eta denboraldia arrastaka hasi bazuen ere, Gonzalo Arconada entrenatzailea iristearekin batera hasi zuen goranzko bidea, eta geldiezina dirudi gorakadak.
Partida berezia dute igandean, inondik ere. Athleticen aurkako lehia izango dute, ligako azken jardunaldia, eta, gainera, Kopan sartzeko postuan jar daitezke. Osagai horiek gutxi ez eta bere historian lehen aldiz Anoetan jokatuko du Realeko emakumeen taldeak, Zubietaren ordez aldatuta.
Santa Teresaren aurka irabazi zuen Arconadaren taldeak joan den asteburuan, Badajozen (Extremadura, Espainia). Garaipen garrantzitsua izan zen inondik ere, sailkapenean aurrera egitea lortu baitzuen. Orain, tokia dute Kopan sartzeko, baina atzetik dituen hiru taldeek ere helburu bera izango dute. Hori bai, puntu bakarra nahikoa izango dute txuri-urdinek.
Igandeko norgehiagoka 16:00etan izango da. Realeko bazkideentzat sarrera doakoa izango da, baina ez dute euren eserlekua gordea izango. Gainontzeko zaleek 10 euroan izango dituzte sarrerak, eta 14 urtetik beherakoak doan sartuko dira. Anoetako txarteldegian egongo da sarrerak erosteko aukera, ordutegi honetan: ostiralean, 16:00etatik 19:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:30era; eta igandean, 10:00etatik aurrera. Luxuzko lekua izango dute estadioan jokalari ohi batzuek, hain zuzen, lehen emakumeen taldea osatu zuten 19 jokalariek. Anoetako palkotik ikusiko dute neurketa, eta ingurua zalez beteta egotea espero dute.
Larraitz Lucas, Realeko jokalari ohia
«Albiste ezin hobea da Gipuzkoako emakumeen futbolarentzat»
Hamasei urteren ondoren, 2012an futbola utzi zuen Larraitz Lucasek (Egia, 1982). Anoetan agurtu zen, Euskal Herriko selekzioaren elastikoa jantzita, 7.000 zaleren aurrean. Oso pozik dago bere taldea izandakoak Anoetan jokatuko duelako, eta harmailetan ez duela hutsik egingo dio.
Pozik zaude Realeko emakumeek lehen aldiz Anoetan jokatuko dutelako?
Denboraldiaren hasieran hasi ziren bideak irekitzen emakumeen futbola ikusgarriagoa egiteko, eta denok espero genuen denboraldi bukaeran gutxienez aukera hori izatea. Albistea entzun nuenean, etxeko sukaldean nenbilen, eta erre egin nintzen! Ez dakit inbidia edo izu-ikara izan zen, baina albiste ezin hobea da Gipuzkoako emakumeen futbolarentzat.
Zer izango litzateke zuretzat Anoetan jokatzea Realarekin?
Amets bat betetzea. Taldea sortu genuenean denok espero genuen Zubietan jokatzea. Aukera eman ziguten Zubietako bi zelai onenak probatzeko, eta bakarrik falta zitzaigun Anoeta irekitzea.
Anoetan jokatzeko aukera izan zenuen, ezta?
Bai, nire agurreko partida Anoetan izan zen, Euskal Herriko selekzioarekin. Halako estadio batean jokatzea izugarria da.
Anoetara joango zara asteburuan?
Bai, larunbat gauerako plana egina nuen, baina bertan behera utzi dut. Asteburu polita izango da. Gizonetan bi agur ikusiko ditugu, eta, igandean, emakumeen futbola ikusgarriagoa egingo dute. Igandean bi umeekin partidara joateko aukera polita izango dugu.
Etorkizuna hori da? emakumeen partidak Anoetan jokatzea?
Bai, nik uste dut hori dela etorkizuna, batez ere Zubieta tokitan dagoelako, eta ez delako lehenengo mailako estadio bat! Badaude familia asko ezin direnak partidak ikustera joan, autorik ez dutelako. Gainera, lehenengo mailako jokalariak dira, eta lehenengo mailan jokatzen dute. Erronka bat da kirol munduan emakumeen alde egiteko. Badaude ordutegi batzuk errespetatu beharrekoak eta badakit lehenengo taldea gizonena dela, baina emakumeen futbola ere ikusi beharko genuke Anoetan, jende gehiago gerturatuko litzateke.
Deia egingo duzu realzaleak Anoetara joan daitezen?
Bai. Azkenean da futbol partida on bat ikusteko aukera, eta joaten direnak futbolaz gozatuko dute, derbi bat delako. Gainera, historia egingo dute emakume hauek. Merezitako saria da, ez bakarrik jokalarientzat, emakume futbolari guztiontzat baizik. 1990eko hamarkaldian hasi zuten bidaia horretan pauso handi bat emango dute.
Zer moduz ikusten duzu taldea denboraldian izandako aldaketa handiaren ostean?
Nik ongi ikusten ditut. Lehenengo zazpi partidetan punturik ez eskuratzeak ez zien batere lagundu. Partida oso kaskarrak egin zituzten, baina benetan erakutsi dute futbolean badakitela. Esango nuke talde hau dela orain arteko onena. Poliki-poliki puntuak lortzen hasi dira, euren jokoa erakutsi dute, eta hortik aurrera aukera izango dute Koparako sailkatzeko. Igandean espero dezagun gainontzeko emaitzen zain egon beharrik ez izatea, eta beraien partida aurrera ateratzea.
Jokalari ohia izanda, emandako aurrerapausoak zure lorpen gisa ere hartzen dituzu?
Urtez urte egoera aldatzen joan da. Hasieran uste nuen guk egindakoari esker lortu dutela oraingoa, baina gizartea aldatzen ari den moduan, emakume hauek ere aldatu dute kirol mundua. Ez dut uste gure lanarengatik daudenik dauden lekuan, egunero borrokatu behar dute, eta hemendik hamar urtera beste jokalari ohi batzuek hitz egingo dute lorpen hauetaz. Egia da historiak markatzen duela momentua, eta ibili garen guztiok lortu dugu hau.