Ume bat, Zubietako herri jaietako zapiarekin, 2017ko Santio egunean. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Datorren asteazkenean, uztailaren 25ean, hasiko dira Zubietako herri jaiak. Santio egunean hasi eta uztailaren 31ean, San Ignazio egunean, amaituko dira.
Donostiako Txistulari Banda izango da San Ignazio egunean Zubietakoei jaietarako «esna deia» egingo diena, goizeko bederatzietan. Jaien hasiera markatuko duen txupina 11:30etan botako dute, eta ondoren, soka-dantza egingo dute. Santio eguna eta gero, Oilasko biltzaileen eguna, Umeen eguna, Jubilatuena, Gaupasa eguna eta San Ignazio eguna datorzkie herritarrei.
Herriko gazteek osatzen dute Zubietako jai batzordea, eta aurten ere egitarau oparoa antolatu dute. Bertsolaritzak paper garrantzitsua izango du jaietan, bertsogintzarekin lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte eta. Esaterako, Santio egunean «bertso-pala» erakustaldia egingo dute, pilotari eta bertsolariekin. Gainera, aurreko urteetan arrakasta izan duen «bertso-poteoa» eta II. Puntu Txapelketaren sari banaketa egingo dituzte uztailaren 29an.
Musika eskaintza aldetik, gustu guztietarako aukerak antolatu dituzte Zubietakoek. Laiotz eta Eromeria taldeekin dantzatzeko aukera izango dute herritarrek, eta baita Txorroskilo eta Rukula taldeen musikaz gozatzekoa ere. Koban eta Parabellum taldeek ere kontzertua egingo dute, eta DJ Seymarrekin goizaldera arte luzatuko da uztailaren 30eko Gaupasa eguna.