Irutxuloko Hitza eraberrituaren hainbat maketa.
Urriaren 5ean astekari berritua aurkeztuko du IRUTXULOKO HITZAk. Tamaina txikiagoa izango du, baina orrialde gehiago eta atal berri zein interesgarri asko.
Eraberritze prozesuan murgilduta dago Irutxuloko Hitza, eta datorren astetik aurrera argitaratuko du astekari berrituaren lehen zenbakia. Neurrira egindako aldaketa izango du. Tamainaz txikiagoa izango da, bai, baina eduki aldetik mamitsuagoa. Astekaria 16 orrialde izatetik 32 izatera pasako da.
Duela hilabete gutxi eman ziren prozesuaren lehen pausoak. Maiatzean, hiriko gain batetik bestera salto egin zuen erredakzioak. Aieteko egoitza utzi eta Egiako Ametzagaña kaleko lokalera joateko. Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Egia Bizirik auzo elkartea ditu bizilagun. Gainera, herritarrengandik eta informazio gunetik gertuago dago orain lan taldea.
Hedabidearen irudiaren aldaketa etorri zen ondoren. Hiru Damatxo Ideia Faktoriarekin batera ideia garatuz iritsi zen azken emaitza. Ekainean, lokal berriaren inaugurazio festa egitearekin batera, logo eta lelo berriak aurkeztu zituen hedabideak Egiako Le Bukowskin.
Orain, irakurleek gehien nabarituko duten aldaketa dator. Formatu berria izango du Irutxuloko Hitzaren astekariak, orain artekoa baino txikiagoa. Neurri aldaketaren helburua da irakurleek lasai eta patxadaz irakurtzeko aukera izatea, eta edonora eraman ahal izatea.
Diseinua ere arinagoa izango da, irudiari garrantzia handia emango dioena, argazki handi askorekin. Bidera Zerbitzuak enpresako bi lagun arduratu dira diseinu berriaz: Pili Eraunzetamurgil eta Amaia Belaunzaran. Aldaketa kontuan izanik, astez aste, Joseba Parron argazkilari donostiarrak egingo du astekariaren azaleko argazki nagusia.
Betiko esentzia mantendu asmoz, orain arteko atalak mantenduko diren arren, atal berri asko izango ditu astekari berrituak. Edonola ere, irakurleek pixkanaka ezagutuko dituzte berrikuntza horiek. Horrela, lehen zenbakiko edukiak eta atal berriak webgunearen bidez jakin ahal izango dira.
Hainbat kolaborazio berri ere izango dira aurrerantzean, herritar eta eragileek Irutxuloko Hitzan duten garrantzia nabarmentzeko asmoz, eta hauek hedabidearen parte aktibo izateko helburuarekin. Besteak beste, euren tartea izango dute Klitto! atari digitaleko lagunek, Haritzalde naturzaleen elkarteak, Zinea.eus atariko kideek, eta Bagera Donostiako Euskalzaleen Elkarteko kideek. Ama begira zazu argazkilaritza atalak izena aldatuko du, eta orain arteko Batix Ezeiza argazkilariari, kolaboratzaile berri bat batuko zaio: Laida Zabala. Azken batean, produktu erakargarriagoa sortu eta irakurle berriak erakartzea izango da helburua.
Donostiaren isla
Tokiko hedabidearen eta Hiru Damatxo ideia faktoriaren elkarlanetik sortu da proiektu berria. Hortik jaio da lelo berria: Horra zer den gure Donostia! «Herritarrek egiten dugun hiria irudikatu nahi izan dugu», argitu du Hiru Damatxoko Unai Gaztelumendik. Helburua zehaztu ondoren, esaldi egoki baten bila hasi eta San Sebastian Martxaren esaldia baino aproposagorik ez zegoela iruditu zitzaiela azaldu du.
Logotipoari dagokionez, sorkuntza prozesuan izandako «askatasuna» nabarmendu du Gaztelumendik. Baieztatu du astekariaren formatu berriaren izaera transmititu nahi izan duela, baina, era berean, «Irutxuloko Hitzaren betiko izaeraren zati handi bat mantenduz». Gainera, egungo diseinu irizpideei moldatutako logo bat egin nahi izan duela argitu du, euskarri eta espazio desberdinetara moldatzeko aukera ematen duena, hain zuzen: «Froga asko egin genituen, irudi horrek logo funtzioa izan behar duelako, baina era berean, astekariko azalerako egokia izan behar duelako».
Herritarrei berrikuntza horien guztien berri emateko, komunikazio kanpaina prestatu dute Hiru Damatxokoek. Alde batetik, irudi aldaketaren berri emango duen iragarkia: «Bideoan ere islatzen saiatu gara leloarekin erakutsi nahi izan dugun Donostia horren esentzia». Horretarako, hiria irudikatzen duten hainbat elementu eta hitz aukeratu dituzte. Horietako batzuk dira ondorengoak: betikoa, bizia, tradizionala, egokitzen badakiena, bidea egiten ari dena, modernoa, lagun artekoa, herrikoia, feminista, sortzailea, amore ematen ez duena, eta isiltzen ez dena. Iragarkiaz gain, aldaketen berri emango duten kartel eta posterrak ere sortu dituzte.
Andresa eta Bilintx
Irudi aldaketaren parte ere bada ekainetik salgai dagoen materiala. Komunikazio kanpainaren barruan egon ez arren, leloarekin lotuta doaz material berrirako aukeratutako bi pertsonaiak: Andresa Portugal antxoa saltzailea eta Bilintx idazle eta bertsolaria
Salgai dauden poltsa eta kamisetetan bi pertsonaia horien ilustrazioak dira protagonista: «Ahaztutako Donostia baten parte diren bi pertsona dira, Donostia ofizialaren iruditegitik kanpo daudenak. Guk gure izaera euskaldunetik eta gure txikitasunetik berreskuratu nahi izan ditugun pertsonak dira».
Irutxuloko Hitzako langileek gogotsu eta ilusioarekin ekin diote aro berriari. Espero dute irakurleei berrikuntzak gustatzea, eta adi egoteko gomendatuko diete, aldaketak asko izango direlako.