"Gauza asko ikasi ditut lesionatuta egon naizen denboran. Beharbada, orain, beste Uxue bat naiz"
Uxue Fraile, mendi korrikalaria.
Urtebete luzez belauneko lesio batengatik lehiatik kanpo egon eta gero, mendiko lasterketak egitera itzuli da Uxue Fraile Azpeitia (Amara, 1974). Ebakuntza egin eta errekuperatu ondoren, indarberrituta itzuli da Fraile, eta denboraldi honetan egin duen lasterketa garrantzitsuena izan da Mont Blanc-eko ultrataila (UTMB). Inoizko emaitzarik onena eginda, bigarren iritsi zen helmugara.
Noiz hasi zinen mendi lasterketak egiten?
Betidanik atleta izan naiz. Anoetan eman nituen nire lehen pausoak, nire familiarekin. 2007ra arte atletismoan eta gimnastikan ibili nintzen Donostiako Atletikon, eta ondoren orientazio lasterketak egiten hasi nintzen, abenturako probak. Hortik salto egin nuen mendiko lasterketetara, 2012. urtean. Betidanik korrikalaria izan naiz eta nire eboluzio naturala izan dela uste dut.
Nafarroan bizi izanak eragina izan du. Mendiz inguratua bizi izan naiz, eta horrek mendian korrika egitera eraman nau. Leranotzen bizi nintzenean esaten zidaten: «Zu lehorrekoa zara». Eta egia esan, ez nuen itsasoa faltan botatzen… [barrez]. Orain hanka bat itsasoan eta bestea mendian daukat, horrela mantentzen naiz.
Orduan, familiatik datorkizu korrika egiteko zaletasuna?
Bai, nire familian denok egin dugu korrika. Anaia ere korrikalaria da, baina oso desberdinak gara. Nire gurasoak aspaldi hasi ziren eta txikiak ginela, haiek korrika ikustera joaten ginen. Zainetan daramagu.
Donostiako mendiak ez dira oso garaiak. Non entrenatzen duzu?
Donostian bizi naiz orain, baina nire etxea Leranotzen dago, eta han egiten ditut nire entrenamendu gehienak. Inguru hori oso menditsua da, Donostia ez bezala. Hala ere, han bizi nintzenean, udazkenean eta neguan asko ibiltzen nintzen pistan. Nire entrenatzaile Kiko Arribasek eta biok jarraitzen dugun plangintzaren barruan gimnasioa, atletismoko pistak eta lautada asko daude. Donostian ez ditut horrenbeste lantzen desnibela eta mendiko eremuak, baina Ulia ondoan bizi naiz, eta kontrakoa ematen duen arren, joko asko ematen duen mendia da. Han ezin da desnibela metatu, baina oso eremu interesgarria da.
Lasterketak egiteko Euskal Herritik kanpo mugitu behar izaten duzu, eta entrenatzeko?
Egia esan, Pirinioak hortxe ditugu, baina aurten ez naiz asko joan, udaran bi astez egon naiz soilik. Pirinioetara beti joan izan naiz eskiatzera, baina orain arte ez nintzen kontziente bertara entrenatzera ere joan nintekeela. Entrenatzeko, autoa hartu eta segituan iritsi naiteke hara. Konturatzen naiz oso eremu apropos eta politean bizi garela mendian entrenatzeko, baina orain arte ez dut gehiegi aprobetxatu.
Zein da buruak kirol honetan daukan papera?
Mendiko lasterketetan distantzia desberdineko probak daude. 20 kilometroko lasterketa batean, esaterako, 100 kilometroko batean baino garrantzia gutxiago dauka buruak. Gero eta lasterketa luzeagoa izan, burua orduan eta gehiago sartzen da jokoan, baina orokorrean, oso kirol mentala da. Lasterketetan, momentu askotan gorputzak gehiago ezin duenean, burua da aurrera egiten duena.
Gogoratzen dut Mont Blanc-eko lasterketan momenturen batean pentsatu nuela «ezin dut, ezin dut», eta ondoren, lagunekin hitz egiten esaten zidaten: «Ezin zenuela ematen zuen baina aurrera jarraitzen zenuen» [barrez]. Eta egia da, hor dago buruaren indarra.
Batzuetan kanpotik datozkidan estimuluek ere eragina izaten dute nigan. Behin, lasterketa batean ezinean nengoela, nire anaiak esan zidan: «Uxue, korrika egin behar duzu, bestela hirugarrenak harrapatuko zaitu», eta orduan, txip aldaketa egin eta aurrera jarraitu nuen. Momentu horietan buruak ‘klik’ egiten du eta beste zerbaitetan pentsatzen jartzean, ideia negatibo guztiak joaten dira. Orduan zure lana egiten jarraitu dezakezu.
Urteekin hori aldatu egiten dela uste dut, eta nire kasuan, egoskorkeria indartzen joan naiz. Nik behintzat ez dut burua espresuki prestatzen, baina gero eta jende gehiago dago kirol psikologoekin lana egiten duena. Agian eman beharreko beste pauso bat da. Nire ustez, norberaren izaeraren barnean dagoen zerbait da.
Zenbat denbora egon zara lesionatuta?
2016ko abenduaren 11n izan nuen istripua, eta urtarrilaren 17an egin zidaten ebakuntza. Hasieran sei edozortzi hilabete geldirik egongo nintzela esan zidaten, baina ingurukoek esaten zidaten urtebete egongo nintzela seguru. Egia da urte bat pasatu zela eta ni oraindik ez nengoela prest. Ez nengoen fisikoki batere ondo. Hala ere, ez nintzen inongo momentutan geldirik egon, beste era bateko lana egiteko aprobetxatu nuen. Urte luze bat pasatu dut datorren urteetarako prestatzen.
Zure lehen lesio larria izan da?
Lehenengo lesio potoloa izan da, bai. Aurretik ez naiz inoiz egon hiru aste baino gehiago korrika egin gabe eta.
Lesioaren ondoren, beste Uxue bat zarela sentitzen duzu?
Nik ez dakit horrela den, baina nire ingurukoek hala diote. Nire lagun onenak esaten dit erlatibizatzen ikasi dudala. Lesioaren ondoren egin nuen lehen lasterketa Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia izan zen eta pentsatzen joan nintzen: «Badakizu zer den hori, gozatzera joan». Baina lehen metrotik joan nintzen sufritzen, lehian sartu nintzen eta pentsatzen nuen: «Non dago beste Uxue hori, lehiatik harago doazen helburuak bilatzen dituen Uxue?». Ez zen ateratzen.
Gauza asko ikasi ditudala argi dago. Bizitzako esperientzia gogorrez asko ikasten da.
Ingurukoen zaintza beharrezkoa izango zitzaizun lesioan zehar. Zaindua sentitu zara?
Beharbada topiko bat da horrelakoetan ikusten duzula benetan nor arduratzen den zutaz eta nor ez. Nik uste dut ez dela topiko bat. Nabaritzen da. Nik badakit hilabete hauetan nire alboan nor egon den eta nor ez.
Gainera, lesioarengatik nire bizitza modua aldatu egin dut, eta egungo errealitatera hurbildu naiz. Ezinbestean, fisikoki ezin nuelako besterik egin, uko egin behar izan diot denbora batez lasterketen inguruko munduan ohituta nagoen bezala egoteari. Nire anaiari esker traila ez nuen alboratu hilabete horietan zehar, lasterketa asko jarraitu nituen. Mont Blanc-eko lasterketan egon nintzen, beste aldean, eta anaiari itzuli nizkion zor nizkionak.
Inoiz ez naiz lehenago horrenbeste denbora korrika egin gabe egon, eta zalantza asko pasa zitzaizkidan burutik hilabete horietan. Gai izango naiz? Errekuperazioa bukatzen denean, zer gertatuko da? Ikasi nuen korrika ezin egin arren, beste gauza asko ere egin nitzakeela. Asko ikasi dut eta beharbada banaiz beste Uxue bat.
Zer egin zenuen lesioan zehar?
Errekuperaziora bideratu nuen dena. Ez nuen bidaiatu, esaterako, entrenamenduak eta fisioterapeutarekin saioak nituelako. Hala ere, beste gauza asko ere egiten nituen. Gimnasioan nengoenean norbaitek askaldu joateko esaten bazidan, joan egiten nintzen. Beste modu batera planteatzen nuen dena, pixka bat malguagoa izan naiz zentzu horretan.
Pixka bat errekuperatu nintzenean bizikleta hartzen hasi nintzen, eta eguneko denbora asko okupatuta izaten nuen, bizikleta, fisioterapeuta, gimnasioa, eta abar nituelako. Orain ulertu ditut nire gurasoak, erretiratuta dauden arren, ezertarako denborarik ez dutela esaten dutenean [barrez]. Berehala pasatzen zitzaizkidan egunak.
UTMBa izan da lesioa eta gero egin duzun lasterketarik gogorrena. Nola prestatu zenuen?
Lesioaren ondoren astetik astera eta hilabetetik hilabetera joan naiz helburuak jartzen. Lehen helmuga Goierriko G2H-a zen, baina bertan behera gelditu zen, izugarrizko ekaitza egin zuelako. Zegamako lasterketa egin nuenean, nire egoera fisikoa ez zen hoberena, baina ez nuen horren gaizki egin. Nahiko lasterketa txukuna izan zen.
Abuztu hasieran beste lasterketa bat egin nuen Asturiasen, Ultra Trail DesafiOSOmiedo izenekoa, eta horretan zalantzak sartu zitzaizkidan, ea UTMB-an parte hartu behar nuen ala ez. Orduan, nire entrenatzaileak esan zidan berak ez zuela inongo zalantzarik. Apirilean edo ekainean bazuela zalantzaren bat, baina orduan argi zeukala UTMB-a egin behar nuela. Ni ez nengoen oso konbentzituta, baina nire entrenatzaileak sinetsarazi zidan prest nengoela.
Lasterketarekin oso pozik eta gustura gelditu nintzen, baina gogorragoa izan da ondorengoa. Indar guztiak UTMB-an jarri nituen eta fisikoki eta psikologikoki errekuperatzea kosta egin zait. Behin lasterketa bukatuta, deskonexio izugarria egin dut.
Iraila oso arraroa izan da niretzat, guztiz apartatu naizelako kirol honetatik. Lanean hasi naiz leku berri batean eta horrek ere eragina izan du. Arraroa izan da, baina ez naiz batere damutzen, asko gozatu dut.
Konturatu naiz asko eman niola Mont Blanc-eko lasterketari eta sentsazioa daukat hor bukatu zela dena. Hala ere, oraindik ez da denboraldia bukatu.
Pasa den asteburuan raid [erresistentzia eta orientazioa neurtzen dituen abenturazko lasterketa] batean egon nintzen, eta mendiarekin lotu ninduen kirolarekin aurkitu naiz berriro. Non Stop Aventura izeneko raid bat da eta trekking, kayak, BTT, SUP eta via ferratek osatutako 300 kilometrotako lasterketa izan zen.
Bestalde, datorren astean Txinara joango naiz trail bat egitera, eta sentitzen dut ez nagoela batere sasoiko, izan dudan azken asteetako deskonexioaren ondorioz.
Kirol munduan emakumeek gero eta ikusgarritasun handiagoa dute. Trail munduan ere?
Gero eta emakume gehiago ikusten dira nonahi, baina oraindik urte asko falta dira gizonezkoen eta emakumezkoen kopuru bera egoteko. Guk ez dugu hori ikusiko, zoritxarrez.
Aurtengo UTMB-an %8 izan ginen emakumeak. Gizonezko gehiagok parte hartu zuten, baina ikusi behar da kalitatean eta denboratan zer nolako aldea dagoen proportzionalki. Aldatu egin da egoera, nik egin nuen lehen UTMB-an lehenengo bost emakumeak bakarrik saritu ziren, eta gizonezkoetatik hamar. Gaur egun bagara hamar eta hamar.
Gure esku ere badagoela iruditzen zait. Ni ez naiz inoiz izan Lilatoiaren aldekoa, nik ez dudalako inoiz korrika egiteko arazorik izan. Baina denborarekin ikusi dut Lilatoiak alde onak ekarri dizkigula. Orain korrika egiten duten emakumeak askoz gehiago dira, eta ikusi dut horrelako espazioak sortzeak dakarrela emakumeen parte hartzea handitzea. Beharrezkoa da.
Horretan jarraitu behar dugu, borrokan, baina ezin dugu espero bat-batean Mont Blanc-en 5.000 emakume egotea. Pausoz pauso joan behar dugu, bestela frustrazioa handia izango da.
Nola ikusten duzu euskal traila?
Euskal Herrian maila oso altua dago, oso korrikalari onak daude. Antolaketa aldetik ere, nonahi egiten dira mendiko probak, eta lasterketa onak antolatzen dira. Ikusleak ere ez dira nolanahikoak, eta hemen egiten diren probek oihartzuna izaten dute. Belaunaldi berriak indartsu datoz, eta eskolak ere sortzen ari dira poliki-poliki. Mendia zainetan sartzen digute euskaldunoi, eta zorionez, hori ez da galdu. Uste dut etorkizuna badagoela.
Nola begiratzen diozu etorkizunari?
Lehia asko gustatzen zait, eta kirola nire bizitzaren zati oso handi bat da. Oraintxe bertan oso gustura nago, baina ikusi beharko da uztaila eta abuztua iristen direnean nola nagoen. Hilabete horiek izaten dira entrenatzeko hilabeterik gogorrenak, eta batzuetan ez dut gogorik izaten. Gero eta gertuago daukat hori, bizitzen ari naiz jada, gogo falta moduko hori.
Urtero pentsatzen dut planteamendu aldaketa egiteko momentua dela, eta lehiatzera baino gehiago, gozatzera joan beharko nukeela lasterketetara. Lehia alde batera utzi eta gozatzeko erronka jarri diot neure buruari askotan, baina ez dut betetzea lortzen. Askotan pentsatzen dut lau urtean lortu ez badut, ez dudala inoiz lortuko. Hala ere, horretan jarraitzen dut [barrez].
Ez da asko gelditzen lehia alde batera uzteko, baina, hala ere, kirol honetan jarraituko dudala ziur nago. Beste modu batera, lasaiago, baina noizbehinka jarriko dut dortsalen bat.
Askotan pentsatu izan dut: «Aurtengoa izango da azken urtea». Baina gero jarraitu egiten dut, kirol honek harrapatuta nauka [barrez]. Nahiago dut urtez urte joan, ez naiz ausartzen amaiera data bat jartzen. Lesionatu nintzenean neure buruari esan nion lesioak ez ninduela geldituko. Eta hala izan da, itzuli naiz.
Asko gustatuko litzaidake AEB-etan, Coloradon, egiten duten Hardrock lasterketan parte hartzea. 161 kilometroko lasterketa da, beti 2.500 metroren gainetik doana. Dortsala lortzea oso zaila da, lehenengo aldian parte hartzen dutenentzat 50 bat dortsal bakarrik zozkatzen dituztelako. Tokatuko balitzait erretiratzea erraza izango nuke. Oso zaila da lekua lortzea, baina esperantza ez dut galduko.