Mugikortasun elektrikoaren eredu berriak
Hiri barruan mugitzeko modua aldatzen ari da. Autoa, garraio publikoa eta bizikleta dira ibilgailu erabilienak. Azken urtean, ordea, patinete elektrikoak eta antzekoak ugaritu dira. Ohikoa bihurtu da kalera atera eta horrelako gailu batekin topatzea. Lortzen duten abiaduragatik herritarren kexa kopurua nabarmen igo da.
Espaloian eta bidegorrian lekua hartu dute erabilera pertsonalerako ibilgailu elektrikoek. Gero eta gehiago dira hirian ikusten diren patinete elektriko, segway, hoverboard eta antzeko gailuak. Gazteen aisialdirako sortu ziren; jolasteko eta ondo pasatzeko. Pixkanaka, ordea, adin tarte zabalago batera hedatu dira mugikortasun pertsonalerako ibilgailu elektriko mota berriak. Hiritik mugitzeko tresna erosoak, azkarrak eta merkeak dira.
Mundu mailako hiri handi eta ertainetan gertatzen ari den fenomenoa da. Baita ere, Euskal Herriko hiriburuetan. Udatik hona Donostian ibilgailu elektriko hauen kopurua hazi egin da. Ahoz ahokoak bere eragina izan du, eta probatu dutenek bere erabilera gomendatzen dute. Lanera joateko ibilgailu aproposak dira. Baita ere, leku batetik bestera joateko, edo besterik gabe hirian zehar mugitzeko. Batzuek garraio publikoarekin uztartzen dute, mugikortasunerako osagarri gisara. Bestalde, turistek horrelako gailuak alokatzeko aukera gero eta zabalagoa dute hirian. Turismo jardueretan ere erabiltzen dituzte, hiriak ezagutzeko ibilgailu egokiak direlako. Esaterako, ibilaldi gidatuak segway-ekin egitea hedatzen ari da.
«Ezin dira kontatu, baina agerikoa da asko daudela. Mota eta potentzia desberdinetakoak dira. Egunetik egunera gehiago ikusten dira», dio Gorka Hoyos Kalapie Hiriko Txirrindularien elkarteko kideak. Gailu elektriko berrien erabilera ugaritu den modu berean, kexak sortu ditu erabiltzeko erak. «Zenbait patinetek hartzen duten abiaduragatik, kexak ugaritzen hasi dira. Egia da pertsonaren bat kolpatzeagatik edo oso gertutik pasatzean oinezkoek jasotako ikarengatik kexak ugaritzen hasi direla». Hain zuzen ere, oinezko eta txirrindularien artean kezka sortu da batzuetan segurtasuna kolokan jartzeko dutelako.
Araudiaren faltan, aske dabiltza
Patinete elektrikoen eta antzeko ibilgailuen fenomenoak zirkulazio ordenantzak berritzeko beharra eragin du. Ez dute legedi propiorik eta beraien erabilera arautzeko eskatzen ari dira eragileak eta herritarrak. Pasa den urtean, DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza araudi berri bat prestatzen hasi zen, eta ibilgailu elektrikoei tarte berezitua eskainiko diela iragarri du. Donostia izan ezik, gainerako Hego Euskal Herriko hiriburuak iaz hasi ziren zirkulaziorako udal ordenantzen egokitzapena prestatzen. Mugikortasun pertsonalerako gailu elektrikoen erabilera arautzea dute helburu. Donostiako Udala, azkenik, aurten hasi da fenomenoa aztertzen.
Donostiako Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulaziorako Udal Ordenantza 2006koa da. Eguneraketa baten beharra duela uste dute Mugikortasun Sailetik, eta hiriko eragileekin bilerak egingo dituzte. Esaterako, Kalapie elkartearekin. Gailu elektriko berrien ezaugarri desberdinak direla eta, horien erabilera arautzea ez dela erraza diote. Horrela ere, araudi berezitu bat egiteko prest daude. Ordenantza eguneratu bitartean argi dutena da patinete elektrikoek ezin dutela espaloietatik ibili. Bidegorritik ala errepidetik joan behar duten aztertuko dute. Dena dela, ibilgailu horien inguruko estatu mailako araudi orokorra egitea DGTri dagokiola diote. Besteak beste, gailu elektriko motak sailkatzea eta zenbateko abiaduran ibili daitezkeen zehaztea.
Ordenantza berritzea ezinbestekoa dela uste du Kalapie elkarteko Hoyosek, eta proposamen ugari dituzte. «Lehenik, udalak izugarrizko aurrerapausoa emango luke hiriko errepideetan orduko 30 kilometroko abiadura ezarriko balu. Horrekin batera, ordenantza berritu batek motordun patineteak eta ibilgailu elektrikoak gune bakoitzerako arautu beharko lituzke, eta zehazki galtzadatik ibiltzeko». Ibilgailuak motaren eta potentziaren arabera sailkatzearen alde daude. «Bidegorrietan soilik ibilgailu aktiboak onartu beharko lirateke. Gainerako galtzada mota desberdinetan, berriz, era aktibo eta pasiboan mugitzen diren ibilgailuak».
Araudia egokitu artean Kalapie elkarteak argi dauka gailu elektrikoek nondik ibili behar duten. «Espaloietan eta bidegorrietan ibiltzea debekatu behar da». Udaltzaingoak, ordea, ez diete isunik jartzen arautu gabe daudelako. «Udalak gailu elektrikoen jabeei edo erosteko asmoa dutenei esan behar die erabilera mugatuko dietela», dio Hoyosek.
Kexa ugari
Donostiako Bizikletaren Behatokiak ohar bat atera zuen hilabete hasieran, bidegorrien erabileraren ingurukoa. Eskatu dute egungo udal ordenantzak zehazten duena errespetatzeko. Hau da, bidegorria soilik bizikleta erabiltzaileentzat eta patinatzaileentzat izatea. «Ordenantzak dioena berresten dut. Erabilera pertsonaleko gailu elektrikoek ere ezin dute erabili bidegorria», azpimarratu du Manu Gonzalez Bizikletaren Behatokiko zuzendariak. Azken boladan herritarren kexa asko jaso dituzte. «Bizikleta erabiltzaileak eta oinezkoak haserre daude gailu elektrikoak azkarregi ibiltzen direlako, eta segurtasun arazoak sortzen dituztelako». Ibilgailu horiek nondik ibili behar duten jakiteko galderak ere jaso dituzte behatokian.
Bartzelona da gailu elektrikoen erabilera arautzen duen ordenantza propioa abian jarri duen hiria. Iazko uztailetik dago abian, eta bost taldetan banatu dituzte gailu motak, garraiatu dezaketen pisuaren eta lortu dezaketen abiaduraren arabera. «Bartzelonako eredua interesgarria da, baina Donostia desberdina da», dio Gonzalezek. Udaleko Mugikortasun Sailarekin harreman zuzena dute, eta egungo ordenantzaren hutsuneen berri eman diete. «Egoera aztertzen ari dira eta analisian parte hartzera gonbidatu gaituzte».
Hausnarketa zehatz bat egitea komeni dela uste du Gonzalezek. «Espaloiak oinezkoentzako dira, eta pertsonek irabazi duten espazioa ezin dute galdu gailu elektrikoen mesedetan. Bidegorrietatik, berriz, ibilgailu aktiboek ibili behar dute. Gailu elektrikoek tamaina, pisu eta abiadura handiago dute. Motordun gailuak dira eta beraien espazio logikoa galtzada egokitua litzateke».
Ibilgailu jasangarri gisara saltzen ari dira patinete elektrikoak. «Hori ez da horrela. Sedentarioa da eta jarduera fisikoa da sustatu behar dena. Gurasoek euren seme-alabei patinete elektrikoak oparitzea ulertezina iruditzen zait. Era berean, ez da jasangarria energiaren kontsumoa bultzatzen duelako», dio Gonzalezek. Autoaren alternatiba dela diotenekin ere ez dago ados. «Ez dut uste patinete elektriko bakoitzak auto bat ordezkatuko duenik errepidean». Kalapie elkartea iritzi berekoa da. «Mugikortasun pasiboa sustatzen du. Patinete elektrikoak nagusiki erabiliko dira oinezko, txirrindulari eta garraio publikoan ibiltzen diren pertsonen joan-etorriak ordezkatzeko», dio Hoyosek.
Erabiltzailearen esperientzia
Gazte zein heldu gero eta gehiago dira erabilera pertsonalerako gailu elektriko bat erosten dutenak. Horietako bat da Xabier Azpirotz gaztea: «Autoa daukat aspalditik, baina Donostiatik ibiltzeko ez da garraiorik onena. Zalantzan ibili nintzen motor bat erosteko, eta prezioei begira nenbilela patinete elektrikoekin topo egin nuen». Informatu ondoren, bat eskuratzea erabaki zuen. «Autoaren alternatiba on bat dela iruditzen zait».
Abantaila asko eskaintzen dituela uste du Azpirotzek. «Erosoa eta praktikoa da. Lanera joateko ez zara nekatzen erabiltzen duzunean». Aldi berean, nahiko dibertigarria dela azpimarratu du. «Azken hamar urteetan ez dut patinik erabili, eta orain horrelako gailu bat izatea bitxia da». Nolanahi ere, desabantailak dituela aitortu du. «Ezin da kalean lotuta utzi, eta soinean eraman behar duzu. Euriarekin ere ez da komeni erabiltzea».
Gailu elektrikoen erabilera arautzearen alde dago, eta bizikleten legedi bera izatea gustatuko litzaioke. Bidegorritik abiadura mugatuarekin ibiltzeko aukera izatea nahiko luke. «Orduko 30 kilometroko abiadura duten errepideetan ere baimendu beharko litzateke. Matia kalea da horren adibidea».
Etorkizun hurbilean gailu elektrikoek izango duten presentzia kontuan izan behar dela uste du. «Jendearen interesa igo da eta kalean jende askok galdetu dit patinetearen inguruan. Ibilgailu elektriko hauek epe motzean asko ugarituko direla uste dut», nabarmendu du Azpirotzek. Denborak esango du horrela den.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak adierazi du ordenantza aldatzea aztertzen ari direla.