Berdintasuna "gizarte osoaren lana" dela gogorarazi dute Emakumeen Nazioarteko Egunean
Manifestazioa Bulebarretik irtengo da, 19:30ean. Aurretik luntx irekia egingo dute Emakumeen Etxean.
Feminismoa izerdituz, berdintasuna helmuga aukeratu dute gaur ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren lelotzat. Eguneko ekintza nagusia iluntzean Bulebarretik irtengo den manifestazioa izango da, baina aurretik bestelako ekimenak ere izango dira. Esaterako, ESK sindikatuak ekintza gauzatuko du Bretxa aurrean, 13:00etan. Arratsaldean, berriz, Emakumeen Etxean luntx irekia egingo dute protestarako leloak banatu eta “ahotsak nahiz gorputza” berotzen hasteko, 17:30ean. Emakumeen elkarteetako ordezkariek eta agintariek herritarrei gaurko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.
Iluntzeko manifestazioan Emakundeko –Emakumearen Euskal Erakundea– zuzendari Maria Silvestrek eta idazkari nagusi Arantza Elizondok parte hartuko dute. Izan ere, Emakundeko zuzendaritzak Martuteneko espetxeko emakume presoekin osatuko baitu gaurko eguna. Emakume Ausartak antzerki taldearen Emprendemos el vuelo ikuskizuna ikusiko dute presoekin batera, 17:00etan; eta ondoren, beraiekin solasean aritzeko parada izango dute. Bisitaldia amaitzean, Bulebarrera joango dira.
Bestalde, udal taldeek adostutako erakunde adierazpena ezagutarazi zuten, atzo, alderdi guztietako zinegotziek. Bertan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu zuten, genero ikuspegia udal politika guztiei erantsiz . Era berean, emakumeen aurkako indarkeria guztiz ezabatu arte “ahalik eta arinen” lan egiteko beharra nabarmendu zuten. Bereizketa gainditzeko, hala ere, “gizarte osoak, gizonek, hezkuntza arloak, hedabideek eta politikariek” lan egin behar dutela gogorarazi zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere alor guztietan eragina izango duten politika integralen diseinua eta garapena “lehentasun” gisa ezarri du. Gizon eta emakumeen arteko harreman eta herri eredu berria eraikitzeko helburuz, “aldaketaren subjektu emakumeak dituen politika feministak bultzatzeko apustua egingo du; horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta langileak jarriz.