Urumeako puntu beltz guztiak identifikatu dituzte mapa batean, ibaiaren garbiketa errazteko
Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuari ekin diote. Añorgan atzo, Martutenen gaur, Txomin Enean bihar eta Altzan etzi. Hauexek dira udal gobernuak aste honetako agendan gorriz markatuta dituen bazterrak, beti ere 2011 eta 2012an abiatutako egitasmo parte hartzaileari jarraipena emateko. Hain zuzen ere, martxoan egingo dituzten hamabost bileretan aurreko urteetan auzotarren aldetik jasotako eskaerak nola dauden azalduko dute. Aurrerago, apirila eta maiatzerako iragarritako beste bileretan, ekarpen berriak jasoko dituzte, 2015eko aurrekontuan tartea izan dezaten. Horrenbestez, astelehenean abiatutako martxoko lehen errondaren protagonista udal gobernua izango da, berari tokatuko baitzaio kontua ematea; aurreko urteetan jasotako konpromisoak nola dauden zehaztea eta herritarren galderei erantzutea, alegia. Eta hala egin dute gaur Martuteneko Gaztelekuan.
Bilerok, gainera, zenbait gairen azken ordua ezagutzeko aukera emango die auzotarrei. Martutenen, behintzat, horixe gertatu da gaur. Lehentasuna duen gai bat jorratu dute berriro, Urumea, eta ibaiari buruz zerbait berria badagoela jakinarazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Hain justu, zinkinkeria eta oztopoei dagokienez, ibaiak dituen puntu beltz guztiak identifikatu berri dituzte. Mapa bat osatu dute, duela hamar bat egun bukatu dute, eta joan den ostiralean bildu ziren Uraren Euskal Agentziarekin (URA) garbiketa zehazteko. “Erakundeen arteko bileretan beti gauza bera gertatu izan zaigu; lehen ordu erdian ibaia garbitzea nori dagokion eztabaidatzen ibili izan gara, eta horrela ezin genuen jarraitu. Hori dela eta, eskumena norena den erabaki aurretik, erabaki genuen puntu beltzak jaso behar genituela, eta hala egin dugu. Urumea goitik behera aztertu dugu, mapa zehatz bat osatzeko”, azaldu du Izagirrek.
Lan horretaz gain, URAk eta udalak sinatzekoa duten hitzarmenari itxaron beharrik gabe, Eusko Jaurlaritzaren erakundeak sei interbentzio egiteko konpromisoa hartu du ibaia garbitzeko bidean, euren ardura gisa hartu dituzten sei gunetan. “Berehala egingo dituzte lan horiek. Gainontzekoak guk hartuko ditugu gure gain”, iragarri du alkateak. Hori bai, udalak Martutene eta Txomin Eneako auzo elkarteekin bildu nahi du lehenengo, baita Ur Kirolakekin ere -“ibaia oso ondo ezagutzen dutelako”-, maparen berri emateko. Egunotan zehaztuko dute hitzordua; ondoren, udalari egokituko zaion garbiketa lana etorriko litzateke.
Hala ere, alkateak nabarmendu du Urumearen garbiketarekin ez dela uholdeen arazoa konponduko, inolaz ere. “Konponbidea Urumea bideratzeko proiektua da; ibaia zabaltzea zabaldu behar den lekuetan, lur maila igotzea eta zubiak aldatzea. Honetan, garbiketarekin ez bezala, ez dugu inongo arazorik, erakunde guztiak baigaude norabide berdinean”, erantsi du.
Bilerak, auzoz auzo
Añorgan eta Martutenen izan eta gero, hauexek dira datozen egunetan egingo dituzten gainontzeko bilerak (guztiak, 19:00etan):
-Martxoak 5: Txomin Enea (Haur txokoa).
-Martxoak 6: Altza (Tomasen kultur etxea).
-Martxoak 10: Amara Berri (Ernest Lluch kultur etxea).
-Martxoak 11: Bidebieta (Kontadores).
-Martxoak 12: Aiete (kultur etxea).
-Martxoak 13: Loiolako Erribera, (Ernest Lluch kultur etxea).
-Martxoak 17: Parte Zaharra (San Telmo Museoa).
-Martxoak 18: Loiola (kultur etxea).
-Martxoak 19: Antigua (Lugaritz kultur etxea).
-Martxoak 20: Egia (kultur etxea).
-Martxoak 24: Gros (Okendo kultur etxea)
-Martxoak 25: Intxaurrondo (kultur etxea)
-Martxoak 26: Amara-Morlans (Urbietako eskolak)