"Kontzertu intimoa eta polita izango da"
http://youtu.be/sKqR5TlcPnU
Lauroba taldeko Iker musikariak Irutxuloko Hitzaren aldeko kontzertu akustikoan joko du. Ostegunean, maiatzaren 15ean, Udal Liburutegi Nagusiaren ekitaldi aretoan izango da. Udazkenean kaleratuko duen diskoaren aurrerapen bat entzun ahal izango dute Irutxuloko Hitza zaleek. Barkarkako lana izango da, baina hainbat sortzaileren laguntza izan du proiektu honetan. Harkaitz Cano idazlearekin elkarlanean egin ditu kanta berriak. Hark idatzitako hitzak musikatu ditu Laurobak. Osteguneko zuzenekoan ere hainbat lagun izango dira berarekin eszenatokian: Maria Bustos txeloan, Eneko Sierra saxoan eta Lain taldeko Leire Berasaluzek zenbait abestitan kantatuko du. Kontzertu intimoa eta polita izango dela uste du Laurobak, eta horrelako kontzertu berezi batez gozatzeko aukera gutxi izaten direla adierazi du.
On musika taldeko bi kide ere gonbidatu ditugu: Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegas. Biek ala biek euren proiektu akustikoa jarri dute abian, eta prestatzen ari diren lanaren aurrerapen bat eskainiko dute kontzertu akustiko honetan.
Bi emanaldi berezi, xarma handia duen areto batean. Irutxuloko Hitza zaleok! Han espero zaituztegu!
Irutxuloko Hitza kinka larrian dago, eta proiektua babesteko asmoz abian jarri dugun sustapen kanpainaren barruan egin dugun kontzertua da maiatzaren 15ean egingo duguna. Sarrera 6 euroren truke eskuratu ahal izango da emanaldiaren egunean bertan. Arratsaldean izango da kontzertua, 20:00etan.

