Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean egongo da ikusgai, martxoaren 19ra bitarte, asteartetik igandera.
‘Alberto Schommer… modernitaterantz’
Historia partekatuak urtebetez ikusgai egon ondoren, Alberto Schommer-en argazkigintza iritsi da Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunera.
Alberto Schommer… modernitaterantz izenburupean, Gasteizko artistaren lanaren erakusketa osoa eskaintzen ari dira. Martxoaren 19ra bitartera arte egongo da ikusgai, asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa da.
Alberto Schommer erreferenterik garrantzitsuenetako bat da Euskal Herriko argazkigintzan. Haren lan guztiaren ezaugarria nortasun ahaltsua izan da eta haustura formalerako borondate etengabea, era guztietako eremu estetikoak esploratzera eraman duena.
Ikusgai jarri dituzten lan gehienak Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumakoak dira, hain zuzen ere, Alejandro Castellote komisario zela 2010ean egindako Alberto Schommer. Atzera begirakoa 1945-2009 erakusketaren ondoren Alberto Schommerrek museoari emandakoaren parte dira. Erakusketa osatzeko Schommer Fundazioko beste lan batzuk daude, Nicolas Caslak, argazkilariaren ilobak, egindako aukeraketaren arabera.
Hiru eremu
Erakusketa osatzen duten 89 lanak serietan bilduta daude eta hiru eremu handitan banatuta: Lehen Aroa, hiri-agertokiak eta -paisaiak eta eszenaratzea eta esperimentazioa. Ohi bezala, familientzat pentsaturiko jarduerak egiten ari dira. Lantegi edo tailerrak 12:00etatik 13:30era, eta parte-hartzaileen eskura erretratu psikologikoak sortzeko objektuak jarriko dira, erretratatuak nolakoak diren azaltzeko beren itxura fisikotik haratago. Doako bisita gidatuak ere izango dira igandeetan: 18:30ean euskaraz eta 19:30ean gaztelaniaz; beste betebeharrik gabe, aurrez izena eman behar da aretoan bertan edota 943 001730 telefonoan.