
Udalbatzarrean hainbat mozio bozkatu dituzte. (Argazkia: Arkaitz Almorza Muro)
Urte zahar gauean
Txantxarreka gaztetxean egin zuten festa dela eta, hainbat kexa jaso zituen udalak. PPk azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari gertatutakoaren aurrean izandako jarreraren berri emateko. Martin Ibabe Gazteria zinegotziak azaldu du harremanetan jarri zela gaztetxeko kideekin eta hauek gaizki eginak onartu zituztela. Gaineratu du, gau horretan hiriko beste hainbat tokitan ere kexak egon zirela eta gaztetxearekin gainerako leku guztiekin bezala jokatu zutela.
“Udalaren eta Txantxarrekaren arteko harremana ez zen ondo hasi, baina uste dut azken urte eta erdian nahiko harreman ona izan dugula”, azaldu du Ibabek. Gaineratu du, aintzat hartu behar direla gaztetxean urte guztian zehar egiten diren ekintza kulturalak. Udala asteazkenean elkartuko da Antiguako bizilagunekin: “Modu positiboan lan egin behar dugula uste dut; udala, bizilagunak eta gaztetxeko kideak elkarlanean”. Irabazi Donostiak txalotu egin ditu zinegotziaren adierazpenak eta azaldu du Txantxarreka dela pasa den urteko legatuetako bat: “Uste dut PPk zilegitasuna kendu nahi diola kultura eta ekintzailetasuna ardatz dituen gazteen proiektu bati”.
EH Bilduk norabide berean hitz egin du eta Txantxarreka gaztetxearen aurka dagoen konspirazio politiko eta mediatikoa salatu eta egiten ari diren lana goraipatu du.
Etxegabetzeak
EH Bilduk etxegabetzeen aurrean udalaren esku hartzea eskatu du, eta zuzenean edo zeharka hiritarrentzat aholkularitza zerbitzu bat abiaraztea proposatu du. Aholkularitza zerbitzu horren bitartez, etxegabetze egoeran daudenei babes judiziala eskaintzeaz gain, etxegabetze egoerara iritsi aurretik gehiegizko klausulak dituztenei laguntzea da asmoa. Udalak hiritarrengandik gertuen dagoen erakunde bezala etxegabetze kasuetan paper aktiboa eduki behar duela uste dute alderdi guztiek.
Proposamenak aurrera egin du EAJ, EH Bildu eta Irabaziren babesarekin; PSE-EE abstenitu egin da.
Sindikatuak aurka
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek joan den uztailan eskari bat aurkeztu zuten udalean, ugaritasun turistiko handiko guneen inguruan. EH Bilduk salatu du oraindik ez dutela horretarako aukerarik eduki.
Sindikatuek salatu dute turismo handiko guneak gutxitzearen alde eta saltokiak igande eta jai egunetan irekitzearen kontra daudela. Azaldu dute Ernesto Gasco PSEko zinegotziarekin bildu zirela azaroan, baina «sentsazio txarrarekin» atera zirela bileratik. Sindikatuek gaineratu dute ez dituztela turismo handiko guneak gehitzeko udalak eman dituen arrazoiak konpartitzen, eta gune horiek murriztearen eta jai egunetan ixtearen alde lanean jarraituko dutela.
Intxaurrondoko Abegi Etxea itxita egon da zero azpiko tenperaturekin
EH Bilduk salatu du Intxaurrondoko Abegi Etxea itxita egon zela asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean, nahiz eta, zero azpiko tenperaturak egon ziren.
Azaldu dutenez, zenbait pertsona hurbildu ziren gaua pasatzeko asmoz, eta zerbitzua itxita topatu zuen. Gaineratu dute atzo goizean udaltzaingoa Abegi Etxea ixtera joan zenean itxia aurkitu zuela. «Gogoratu dezagun protokoloaren arabera, zeropeko tenperaturekin abian jarri behar dela Abegi Etxeko ate irekien zerbitzua», azaldu dute.
Hori dela eta, EH Bilduk premiazko interpelazioa aurkeztu zuen atzo udalbatzarrean. Eneko Goia alkateak azaldu zuen ez zuela horren berri, eta azken uneko eskaria izan zenez gaia eztabaidatu gabe utzi zuten. Dena den, azaldu zuen azalpenak eskatuko zituela, eta gaur egingo dutela premiazko batzordea.
EH Bilduk salatu du «onartezina» dela protokoloa bete ez delako jendea kalean lotan geratu izana; eta baita, gaia eztabaidatzeari uko egitea ere. «Gure ustez hau zen udalbatzarrean eztabaidatzeko gairik garrantzitsuena; Goiaren ustez, ordea, badirudi ez dela hain premiazkoa eta uste dugu horregatik saihestu duela udalbatzak gaia jorratzea», azaldu du EH Bilduk.