Turismo ereduaren aurka hainbat mobilizazio egin dituzte hirian
Ahoz aho ibili da turismoaren gaia 2017an. Eredua zalantzan jarri dute hainbat eragilek eta bizilagunek; udalak, aldiz, turismo eredua «neurrikoa eta eredugarria» dela uste du.
Komunikabideetan, autobusetan, tabernetan, etxean, udalean, dendan, leku guztietan izan da aurten hizketagai turismoa. Saturazioaz hitz egin dute batzuek, neurrikotasunaz eta moderazioaz besteek. Zalantzarik gabe turismoa izan da aurten hirian protagonista nagusietako bat, eta horrekin batera turismoak sortu dituen ondorioak.
Datuei erreparatuta ez da hazkunde nabarmenik egon. Eustat, Euskal Estatistika Erakundearen arabera azarora arteko datuei erreparatuta %2,77 egin du gora turista kopuruak iazko urtearekin alderatuta. Abuztuan etorri da jende gehien – 156.240 pertsona– eta gehienak Madrildik.
Aurkako ahotsak
“Gehiegizko turismoa, pisu turistikoen ondorioz hirian bizitzeko zailtasunak eta behar ez diren hotelak”. Protesta bat baino gehiago egin dituzte aurretik aipatutako aldarrikapenekin.
Turista kopurua areagotzearekin batera protestak ere gehitu egin ziren udaran. Abuztuan turismo eredua zalantzan jartzen zutenen ahotsak entzun ziren gehien. Hilabete hasieran Parte Zaharreko hainbat bizilagunek turismo ereduaren aurkako protesta egin zuten, eta bi gazte identifikatu zituen udaltzaingoan San Telmo Museoan jarritako pankarta baten harira.
Aste Nagusia ere turismo eredua «gaitzesteko» hainbat mobilizazio eta protesta egin zituzten hiriko eragileek. Zuen turismoa, gazteon miseria lelopean hainbat lagun atera ziren kalera Ernai gazte antolakundeak antolatutako manifestaziora, abuztuaren 17an. Entzutetsuena izan bazen ere, Ez da Ernaik turismo ereduaren inguruko gogoeta eta turismo masiboaren aurkako aldarria aurten kalera atera dituen lehen aldia.
Maiatzean protesta egin zuen Groseko hotel batean turismo masiboaren aurka: “Donostian, urtez urte turisten inbasio geroz eta handiagoa sufritzen ari gara. Geure kaleak kameradun kolonoz betetzen ari dira; handik eta hemendik paseatzen, terraza erraldoietan geroz eta garestiagoa den kafea hartzen, pintxo barra amaigabeetan sabelak betetzen… eta gu bitartean, barraren atzean gaude. 12 orduz lanean jarraian, beltzean kobratzen, jai egunik gabe, kontraturik gabe…”.
Hala ere, Ernairena ez zen izan Aste Nagusian “turismo masiboak sortutako kalteak” bistaratu nahi izan zituen bakarra. Piratek ere turismoa hartu zuten gaitzat Irrikitaldian, Eusko Jaurlaritzak kaia erabiltzeko jarritako tasekin batera.
Behin «udarako olatua» pasata, irailean turismoak hiritarren egunerokoan duen eraginaz hausnartzeko topaketak antolatu zituen turismoaren inguruko ezinegona eta kezka zituen herritar talde batek. Hainbat gai jorratu zituzten topaketetan: turismoak donostiarren eguneroko bizimoduan sortzen dituen ondorioak ezagutzea; indarrean dagoen turismo ereduaren ondorioekiko ikuspegi kritikoa duten talde eta herritarren kezka eta diskurtsoak ezagutzea; gaiaren ikuspegi sinplista eta manikeoa gainditu eta arazoaren zabaltasuna agerian jartzea; eta, azkenik, turismoak donostiarren egunerokoan dituen eraginak lantzen jarraitzeko aukera berriak sortzea.
“Gehiegizko” turismoaz eta turismo ereduaz eztabaidatzeaz eta protestatzeaz harago, horrekin harremana duten beste hainbat arazo ere ikusarazi dituzte protestek. Besteak beste, “hirian bizitzeko nahia eta ezina”.
Abuztu hasieran manifestu bat aurkeztu zuen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak auzoan bizi duten egoera salatzeko eta Parte Zaharreko bizilagunen eskubideak aldarrikatzeko. Hainbat pertsona ezagunek sinatu zuten manifestua. Auzoan jasaten dituzten era ugaritako “erasoen eta udalaren utzikeriari aurka” altxatu nahi izan zuten.
Manifestuak hainbat datu biltzen ditu: “6.000 biztanleko auzoa da eta turistentzako 1.600 ohe daude; hirian dauden 81 pentsioetatik 62 Parte Zaharrean daude eta bertan eskaintzen diren 280 pisu turistikoren %84a ilegala da”.
Azkenik, pisu turistikoek etxeen prezioa igo dutela eta, bizilagunek auzotik alde egin behar izan dutela salatu dute behin eta berriro Parte Zaharreko hainbat eragile eta bizilagunek. Udaran kale Nagusiko etxebizitza bat okupatu zuten gazte batzuek bertan egin nahi duten hotela saihestu eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. 18 zenbakia okupatu zuten ekainean hainbat lagunek eta irailean bertan hotel bat egiteko asmoa zutela jakin zuten. Agerraldia egin zuten, eta geroztik bizilagunen babesarekin elkarretaratzea egiten dute ostegunero Santa Maria elizaren aurrean. Hotela egiteko proiektuak udalaren aldetik baimen gehienak jaso dituela salatu dute.
Turismoak eman du zer esana
20 hotel inguru gehiago egin nahi dituzte datozen urteetan
Auzoan bizitzeko zailtasunak


