"Hobe da baloia oinetan edukitzea"
Hamaikakoan ohikoa da Asier Illarramendi (Mutriku, 1990). 2015ean talde txuri- urdinera itzuli zenetik bere lekua topatu du zelaian. Realaren ardatza izan ohi da partidetan; baloiaren jabe, bideratzaile eta lapurra. Sasoiko dabil bigarren aroan.
(Argazkia: I. E.) 2017a bukatu berritan, zer iruditzen zaizu taldeak egin duen urtea?
Nire ustez eboluzio ona izan dugu. Joan den maiatzean lortu genuen Europa Ligarako sailkatzea, joko ona eginez gainera. Jokatzeko estilo propioa lortu dugu, eta emaitza ona dela esango nuke. Liga ondo hasi genuen abuztuan, eta ondoren beherakada bat izan genuen urteko azken partida irabazi arte. Halere, orokorrean hartuta, balorazioa positiboa da.
Jokalari moduan, berriz, zer iruditu zaizu?
Berdintsua, baikorra da. Partida asko jokatu ditut, minutu asko, eta lesioek errespetatu naute; pozik nago.
Denboraldia gazi-gozoa ari da izaten.Europan aurrera egin duzue, Kopan huts egin zenuten eta Ligan erdipurdi zabiltzate. Egoera orekatzeko moduan dago taldea
Bai noski. Oso ondo hasi genuen denboraldia, eta gerora Ligan emaitza onak lortzea kostatu zitzaigun. Gehiago merezi izan dugu, baina emaitzak eta lortu ditugun puntuak hor daude. Bigarren itzulia falta da, eta nik uste dut taldeak gora egingo duela. Egia esan, konfiantzarekin gaude.
Hiru gol daramatzazu Ligan, inoiz baino gehiago. Golegile sena piztu zaizu?
Hori ematen du. Egia esan, aurten arerioaren atera gehiagotan jaurtitzen ari naiz, beste urteekin alderatuta. Hiru gol sartu ditut dagoeneko, eta oso pozik nago. Orain arte ez naiz golegilea izan, baina taldeari laguntzeko balio badu oso pozgarria izango da niretzako. Ea horrela jarraitzen dudan.
Atzelarien laguntzaile zara normalean zelaian, baina erasoan gehiago ari zara parte hartzen?
Baldin eta norekin jokatzen dudan zelaian askatasun gehiago edo gutxiago izaten dut. Batzuetan gora begira jarri naiteke, eta beste batzuetan atzera gehiago begiratu behar izaten dut. Entrenatzaileak eskatzen duenaren arabera, bata edo bestea. Denoi gustatzen zaigu gehiago erasoko jokoan sartzea defentsako lana egitea baino. Igor Zubeldiarekin jokatu izan dudanean aurrerago aritu izan naiz zelaian, askatasun gehiagorekin.
Urte aldaketarekin, jokalari bat galdu du Realak: Carlos Vela. Mexikarraren zer botako duzue faltan?
Bere alaitasuna. Denok ezagutzen dugu Carlos. Jokalari berezia eta bakarra da. Beti alai dagoen horietakoa da, irribarrearekin ahoan. Inoiz ez dugu triste ikusi, eta beti laguntzeko jarrera erakutsi digu. Alde horretatik faltan botako dugu.
Velaren agurra biribila izan zen. Sevillari irabazi zenioten Anoetan, eta gainera mexikarrak gola egin zuen.
Bai, horrelako agurra merezi zuen. Sei denboraldi egin ditu gurekin, eta Realari kalitatea eman dio. Mundu mailan ezaguna eta estimatua da, eta taldeari egindako ekarpena handia izan da.
Ligan 9. postuan zaudete eta Europa Ligan final-hamaseirenetan. Bietan lana gogor egin beharko duzue?
Ligan nahi baino puntu gutxiago batu ditugu lehen itzulian, nahiz eta bi partida falta oraindik itzulia bukatzeko. Dena dela, taldea indarrarekin ikusten dut gora egiteko. Neurketa askotan merezitakoa baino gutxiago lortu dugu. Bigarren itzuli gogorra egin beharko dugu berriz ere Europan jokatzeko. Azken batean, hori da taldearen helburua.
Salzburgo izango duzue arerio Europa Ligan. Nola ikusten duzu kanporaketa?
Ez da batere erraza izango. Lehen fase oso ona egin du Austriako taldeak, partidarik ez dute galdu eta lehenak bukatu dute beraien multzoan. Beraz, arerio zaila izango da. Gure maila ematen badugu aukerak ditugu final-hamaseirenetako kanporaketa gainditzeko. Joaneko partida etxean izanik, emaitza ona lortzea ezinbestekoa da, eta batez ere, gure atea hutsean uztea.
Eusebio Sacristan entrenatzaileak Realean ezarri duen estiloa nabari da zelaian. Gustura zaudete bere lanarekin?
Berarekin taldeak beste pauso bat eman du. Nik uste dut gure jokatzeko estiloa definitu duela. Horrekin batera taldeak eboluzionatu duela esango nuke. Aurreko denboraldian lortu ziren emaitzak estilo horri esker izan ziren.
Baloiaren jabetza eta jokoaren kontrola dira egungo taldearen ezaugarriak. Zuri baloia oinetan eduki eta mugitzea gustatzen zaizu, ezta?
Hobe da baloia oinetan edukitzea. Eusebio etorri zenean, kostatu zitzaigun bere estilora egokitzea, baina azkenean asmatu zuela esango nuke. Jokalariok ere horretan sinesten dugu. Horrela jarraitu behar dugu indartu gaituena jokamolde hau delako. Hain zuzen ere, baloiaren jabetzak indartu gaitu. Zaleei ez zaie gustatuko baloia atzera mugitu eta atezainarengana iristea, baina maiz atzetik hasten dugu jokoa. Horretan sinesten dugu eta horrela jarraitzeko asmoa dugu.
Neguko merkatua ireki da eta zurrumurruak ez dira falta. Zure kasuan Paris Saint Germainen interesa agertu da Frantziako kirol prentsan. Horrela al da?
Niri ez zait ezer iritsi. Orain eta udan zurrumurru asko egoten dira. Batzuk egia izango dira baina, gehienak ez doaz inora.
Beraz, denboraldia bukatu bitarte talde txuri-urdinean geratuko zara?
Realean jarraituko dut, zalantzarik gabe; zurrumurru guztiak ez dira sinetsi behar.
Errusiako Munduko Txapelketara joateko aukerak dituzu. Bertan ikusten duzu zure burua?
Espainiako selekzioaren azken deialdietan sartu naiz, eta badakit aukera hor dagoela. Nolanahi ere, Munduko Txapelketa ekainean da eta kontziente naiz joateko Realean gauzak oso ondo egin beharko ditudala. Horretarako buru-belarri nabil lanean.
Alvaro Odriozola Realeko atzelariak ere aukerak ditu Errusiara joateko.
Polita izango litzateke biok batera Munduko Txapelketa jokatzea, bai. Ea posible den.
2018 urteari zer eskatzen diozu futbolari eta pertsona gisara?
Gauza asko eskatuko nizkioke. Baina batez ere, osasuna. Hori da garrantzitsuena.

