Haizearen Orraziko mendi magala egonkortzeko proiektua idazten ari da udala
Flyscheko hormatik harri txikiak erortzen dira, eta egun hesituta dago. Horren ordez hormari itsatsita joango den sare garden gisako bat jartzeko asmoa dute.
Haizearen Orrazia egokitzeko proiektu integral bat lantzen ari da Donostiako Udala. Mendi magala egonkortzeko fasea idazten ari dira. Izan ere, flyscheko hormatik harri txikiak erortzen dira, eta egun hesituta dago. Horren ordez hormari itsatsita joango den sare garden gisako bat jartzeko asmoa dute.
Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta oroigarriaren egileek hainbat proposamen landu dituzte, eta kostata lortu dute ados jartzea. Dena dela, azken akordioaren arabera sare bat jarriko dute mendi magalean, eta udalak ez du eperik aurreikusten lan horiek aurrera eramateko. “Proiektuak esango digu zenbat balio duen, eta horren arabera zehaztuko da prozedura”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Mendi magala egonkortzearekin batera, harbidea leuntzeko proiektua ere definitzen ari da udala. Biak aipaturiko proiektu integral berean egongo dira, nahiz eta fase desberdinetan egin.