Kopako finalerdietarako sailkatu da Reala
Realak 4 eta 0 hartu zuen mendean Rayo Vallecano, eta horrela, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu dira. Partida bikaina egin zuten txuri-urdinek, eta datorren astelehenean jakingo dute zein den finalera iristeko gainditu beharko duten arerioa. Otsailaren 17an izango da finalerdietako neurketa.
Historian bigarren aldiz lortu dute finalerdietara iristea. Zubietan jokaturiko neurketa bikainari esker lortu zuten merezitako saria. Marta Cardonak, Kiana Palaciosek, Nahikari Garciak eta Carla Bautistak sartu zituzten golak.
Mugimenduak
Gizonezkoen Realak hainbat mugimenduren berri eman zuen atzo. Batetik, Modibo Sagnan gazte frantziarra fitxatu du talde txuri-urdinak. Atzeko lerroko jokalaria da, eta Frantziako Bigarren mailako Lens taldean ari da. Han jarraituko du utzita. 4 milioi euro inguru ordainduko ditu Realak. Bestetik, harrobiko bi jokalari utzita joango dira. Jon Guridi Mirandes taldean ariko da denboraldi bukaera bitarte, eta gauza bera egingo du Oier Calvillok Iruñeko Osasuna taldean.