Donostia inklusiboago bat eraikitzeko guneak
Emaus Gizarte Fundazioak Donostiako Espazio Publikoen mapa argitaratu du. Hiriko espazio eta toki irekiak erakutsi nahi ditu mapak: kirola egiteko, kultur jardueretan parte hartzeko eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko. Aske eta doan erabili daitezkeen egoteko lekuak dira guztiak. Hiri inklusiboago bat eraikitzeko guneak jaso dituzte mapan.
Hilabeteetako lanketaren emaitza dagoeneko eskura daiteke hiriko hainbat tokitan. Hala nola, kultur etxeetan, Cristina Enea Fundazioan, Emaus fundazioaren dendetan, Easoko UdalInfo bulegoan, Emakumeen Etxean, Koldo Mitxelenan, Kaxildan eta Txantxarreka gaztetxean.
IRUTXULOKO HITZAk Emauseko Sheila Padrones eta Maider Sagredorekin hitz egin du. Espazio publikoen mapa ostiraleko astekariaren gai nagusia izango da.