Baranda sariak banatuko ditu Donostiako Pintxoaren Institutuak
Donostiako Pintxoaren Institutuaren lehen gala egingo dute hilaren 26an, Miramar Jauregian. Urrezko, Zilarrezko eta Ohorezko Barandak banatuko dituzte galan. Hain zuzen ere, sari horiek sortu ditu institutuak pintxoaren munduko ostalari eta pertsonak saritzeko.
“Duela gutxi Donostian pintxotan ibiltzeko ohitura munduko esperientzia gastronomiko onentzat jo zuten. Hori dela eta, gure tabernek hamarkada askotan egin duten ahaleginari balioa eman nahi izan diogu, tradizio hori babestearekin batera, kalitatea, egiteko lana eta jardunbide egokiak indartuaz eta mantenduaz”, azaldu du Ernesto Gasco alkateordeak.
Miramarreko ekitaldian jakinaraziko dituzte Urrezko eta Zilarrezko Barandak. Lehenarekin, pintxoaren bikaintasuna, kalitatea eta egiteko lana sarituko dute. Bigarrenarekin, aldiz, kalitatea eta ezarritako kalitate dekalogoa bete izana sarituko dute. Berregoita hamar bat izango dira zilarrezko oroigarriak.
Bestalde, Ohorezko Barandak banatuko dituzte. Batetik, La Espiga eta Valles tabernak jasoko dute, eta bestetik, hilda dauden pintxoaren munduko bi pertsona ezagunek: Alfonso Gonzalez (Astelena) eta Josetxo Marañon (Txepetxa).