"Aldarriari eusten diogu; herri bat gara eta udala behar dugu"
Igeldoko Itsas Aurre elkarteak eta Herri Kontseiluak agerraldia egin dute gaur arratsaldean, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren harira.
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren harira, agerraldia egin dute Igeldoko Itsas Aurre elkarteak eta Herri Kontseiluak. “Ibilbide juridiko luze, neketsu eta garesti baten bukaerara iritsi gara, Igeldoko herritarrak etsipenera eramateko pentsatutako bide baten amaierara”, adierazi dute.
Ekonomikoki herriaren borondatea itotzeko “estrategia bat” erabili dutela salatu dute. “Beraiek diru publikoarekin eta guk geure poltsikoetatik dirua jarriz”, adierazi du. Horrela ere, hasierako helburua mantentzen dutela gaineratu dute: “Aldarriari eusten diogu; herri bat gara eta udala behar dugu”.
Arazo politiko baten aurrean jarraitzen dutela azpimarratu dute. “Eta arazo politikoei nekez eman dakieke konponbidea bide juridikotik. Hemen eta orain borondate politikoa da behar dena, Igeldoko herritarrok behin baino gehiagotan adierazi dugun nahiak bere horretan jarraitzen du eta irtenbidea agintarien esku dago”.
Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diete arduraz jokatzeko. “Gatazka eta desadostasun politikoei behar den lekuan eta behar den erantzuna eman behar diete. Alegia, epaitegietatik kanpo eta herri borondatea errespetatuz. Gu zain egongo gara baina ez dugu geldirik itxarongo, oraindik ez baikara gure bidearen azken geltokira iritsi”.
Kataluniari begira
Agerraldian Kataluniako Errepublika Igeldorekin parekatu dute. “2017ko urriaren 11n, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduren eta EAJren bozkei esker Kataluniako Errepublika aitortzen zuen ebazpena onartu zen. Gure nahia ere 2013ko abenduaren 17 hartan erdietsi genuen errekonozimendua eta erabaki justu hura inoiz ez atzera botatzea eta udalerri bezala gure ibilbidea abiatzea zen”. Hori dela eta, erakundeei eskaera bat zuzendu diete: “Igeldori herri izatea oztopatzeko propio onartu zenuten mugarria aldatzea, alegia 2/2003 foru araua”.