"Parkea babestea eta Aranzadiren egoitza han jartzea bateragarria da"
Ulia-Ategorrieta parkeko Soroborda eta Buskando ur-biltegiak, besteak beste, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horren harira, Eneko Goia alkateari galdetu diote Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.
Jaurlaritzaren erabakiaren inguruan ez du baloraziorik egin, eta udalak parkerako aurreikusita duenarekin lanean jarraitzen duela adierazi du. “Parkea babestea eta Aranzadiren egoitza han jartzea bateragarriak dira”, esan du Goiak. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza Zorroagatik Uliako parkera eramateko asmoa du udalak. Aranzadik ere bat egin zuen proposamenarekin.
“Nire ustez ona da bi aldeentzako”, esan du alkateak. Nolanahi ere, Aranzadik Zorroagan jarraitzeko kontratua berritu du hurrengo hamar urteetarako. Beraz, epe motzera ez da aurreikusten Aranzadi Uliako parkera mugitzea.