'Planetaren Ordua' egitasmoarekin bat egingo du Donostiako Udalak
Donostiako Udalak bat egingo du gaur Planetaren Ordua egitasmoarekin; 20:30etik 21:30era izango da itzalaldia. Ordubetez, besteak beste, itzalita egongo dira argiak badian, uhartean, Urgullen, udaletxean, Miramar jauregian nahiz Artzain Ona, Santa Maria, San Bizente, San Telmo eta Katalunia plazako San Inazio elizetan. Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak donostiarrei parte hartzera deitu die. Horrela, aipaturiko ordubetean (20:30-21:30) etxebizitzetako argiak itzaltzeko eskatu du.
World Wide Fund for Nature (WWF) erakundeak da egitasmoaren sustatzailea, eta mundu osoan egiten da urtero. Argiak itzaltzean datza; administrazioek, enpresek eta etxebizitzek argiak eta bestelako tresna elektrikoak ordubetez itzaltzea da helburua. Ekintza sinboliko honen bidez, gizartea kontzientziatu nahi dute klima aldaketa antropogenikoaren aurka eta emisio kutsatzaileei aurre egiteko neurriak hartzeko beharraz, bai eta energia aurreztu eta argi poluzioa gutxitzekoaz ere.
2007an sortu zen egitasmoa Sydneyn (Australia). Ordubetean argiak itzaltzeko ekimen horrek askoz ere gehiago irudikatzen du, eta etorkizun jasangarri bat eraikitzeko etengabe ahalegintzearen ikurra da. Gero eta udalerri gehiagok egiten dute bat ingurumena babesteko ekimenekin, eta emisioak murrizteko neurriak hartzen dituzte energia eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta mugikortasun sostengagarria sustatzen dituzten proiektuak eta programak abian jarrita.