Realeko belar-hockey taldeari harrera egin dio Donostiako Udalak
Pasa den apirilaren 22an Europako belar-hockey finala jokatu zuen Realak, eta txapeldunorde gelditu zen. Europako txapeldunak izatea lortu ez bazuten ere, historia egin zuten taldeko jokalariek, 110 urteko historian lehen aldiz iritsi baita Reala hain urruti Europako txapelketa batean.
Hori dela eta, harrera eta omenaldia egin zieten atzo jokalariei eta entrenatzaileari udaletxeko harrera gelan. Han egon ziren Eneko Goia Donostiako alkatea, Denis Itxaso Kiroletako foru diputatua eta udal talde guztietako ordezkariak. Txapela bat eta lore-sorta bat eman zizkieten Patricia Maraña taldeko kapitainari eta Jorge Perez entrenatzaileari. Bestalde, Goiak, taldea zoriontzeaz gain, historia egin dutela nabarmendu zuen: “Orain arte denok genuen gogoan lehen taldeak 82-83 denboraldian Europako Kopan Hamburgoren aurka jokatu zuen finalerdia. Gaurtik aurrera, aldiz, oroimenerako geldituko zaigu emakumeen belar-hockey taldeak Amsterdamen jokatu zuen final handia”.